Datozen 15 urteetan Orion egingo diren esku-hartze urbanistiko garrantzitsuenak zehazten dituen txostena da Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO). Herri bizia, jasangarria, hurbila eta herritarren beharrekin arduratsua eraiki nahi du Udalak, eta horretarako, hainbat berrikuntza planteatu ditu.
Plan Orokorraren nondik norakoak herritarrei azaltzeko asmoz, aurkezpen irekia egingo du Udalak otsailaren 16an, ostegunarekin, 18:30ean kultur etxean.
Herritarrengandik jasotako eskaerei eta herrian identifikatutako beharrei erantzuteko helburua du proposamenak. Bederatzi esku-hartze urbanistiko zehazten dira; besteak beste, hauek: Kofradia berriaren eraikuntza, Dikeko eremuaren urbanizazioa, eta Sotoak eta Arozena fabrikaren zati bat udal-ekipamenduetarako birgaitzea.
Horrez gain, etxebizitzei (jada eraikita daudenei eta eraikiko diren berriei) eragingo dieten hainbat irizpide eta baldintza zehazten ditu Planak, eta, bestalde, jarraipena ematen dio mugikortasunaren alorrean orain arte egindako lanari. Aisialdi-gune berrien garapena eta kirol-instalazioen azterketa egitea ere jasotzen du HAPOak.
Horien guztien berri herritarrei emateko antolatu du bilera irekia Udalak. Herritarren interesekoa izango dela uste du, eta horregatik, oriotar guztiei egiten die bileran parte hartzeko gonbita.