Herritar talde baten eskaerari erantzunez, errefusa bakarrik jasotzen duten ontzien ordez, hondakinak bereizteko aukera ematen dutenak jartzea erabaki zuen iaz Udalak. Lehen fasean, hondartza inguruko eta Abaromendiko zaborrontziak egokitu ziren, eta datozen asteetan, herrigunekoen txanda izango da. Aurrerago, alde zaharrekoak aldatzea aurreikusten du Udalak, hirugarren fase batean.
Aldaketaren helburua da, etxekoak ez ezik, kalean sortutako hondakinak ere bereiztea eta horien birziklapena sustatzea. Gaur egun kalean dauden zaborrontziak ez dira aldatuko, baizik-eta egokitu, koloretako tapa berriak jarrita eta launaka multzokatuta.