Birziklatzeko etxola etxeko hondakin arriskutsuak bereizita uzteko gune bat da. Zerbitzu iraunkorra eskaintzen du, eta herritarrek noiznahi laga ditzakete hondakinak han.
Gaur instalatu da Orion birziklatzeko etxola hori, Mendibeltz futbol eta softbol zelaiaren ondoan, argazkian ikusten den bezala. Metalezkoa da eta segurtasun handiko egitura du. Herritarrek paretan dituen zuloetatik sartu behar dituzte etxeko hondakin arriskutsuak.
Zer utzi daiteke edukiontzi horietan?
Hauek dira etxolan laga daitezkeen hondakinak:
- Erabilitako sukaldeko olioa: Itxitako ontzian.
- Ibilgailuetako olioak: Itxitako ontzian. Ez dira onartzen konponketa tailerretako eta antzekoetako olioak.
- Inprimagailuetakon toner-karkasak, CDak, disketeak, bideo-zintak eta antzekoak. Ez dira onartzen inprimatzeko osagaiak saltzen dituzten dendetakoak edo arte grafikoen jardueratan sortutakoak.
- Aerosol ontziak (beteta edo erdi beteta).
- Fluoreszenteak: Beren bilgarrian.
- Etxetresna elektriko txikiak: Irabiagailuak, tostadorak, telefono mugikorrak eta abar.
- Arropa, ehunkiak, osagarriak eta oinetakoak.
- Termometroak.
- Pilak: Pila mota guztiak.
- Erradiografiak. Ez dira onartuko osasun-zentro publiko nahiz pribatuetakoak.
- Garbiketako produktuak eta etxeko bestelako produktu kimikoak, ontzian itxita eta zehatz mehatz identifikatuta. Ez dira onartuko gisa horretako produktuak saltzen dituzten dendetatik edo laborategietatik datozen eta hondatuta edo iraungita dauden produktuak.
- Pinturak eta disolbatzaileak: Itxitako ontzietan.
- Fluoreszenteak.
- Kontsumo baxuko bonbillak.
Eskualdeko laugarrena
Gaur gaurkoz, eskualdean hiru etxola dauzka jarrita Udal Elkarteko Hondakinak Biltzeko Zerbitzuak: bat Aian, Lardizabal aparkalekuan; bigarrena Getarian, Sahatsaga kalean eta, hirugarrena, Zumaian, Zuloaga plazan.