Ikastetxeetako matrikulazio-kanpaina otsailaren 3tik 14ra bitartean izango da

2025ean 2 urte betetzen dituzten haurren matrikulazioa otsailaren 3an zabalduko da eta 14an itxiko da. Aurtengo irailean eskolatuko diren haurrek, beraz, denbora-tarte horretan eman behar dute izena ikastetxeren batean.

Ikastetxe bakoitzak bere aldetik egin dezakeen informazio-banaketaz gain, datorren astean, Udalak Zaragueta eskolako eta Herri Ikastolako informazioa bidaliko du 2 urteko haurrak dauden etxe guztietara, familia horiek Orion dauden aukeren berri izan dezaten. Herritarrek herrian ikasteko aukera egin dezaten sustatu nahi du Udalak horrela.

Informazioarekin batera, Udalak haurraren errolda-agiria ere bidaliko du etxeetara, beharrezkoa baita matrikula egiteko. Era horretara, Udalak tramitea erraztu nahi die familiei, udaletxera etorri beharrik izan ez dezaten agiriaren bila.