Iñaki Iturain Azpirozek Denboraren zubia narrazio-liburua kaleratu du Erein argitaletxearekin, eta Orion aurkeztuko du irailaren 26an, ostegunarekin. Aurkezpena 19:00etan hasiko da, kultur etxean, eta saio irekia izango da. Aurkezpenak elkarrizketa-formatua izango du eta Aritz Pardina idazle oriotar gaztea izango da elkarrizketatzailea.
Iturainek euskarari lotutako lantegietan eman du ibilbide profesional ia osoa, gure hizkuntzaren ezagutza, erabilera eta atxikimendua sustatzeko lanean. Idazteko zaletasuna izan du gaztetatik, eta kazetaritza-lanak egin ditu bai Karkaran (aldizkariaren sortzaileetako bat da), eta baita beste hainbat hedabidetan ere. Orioko euskararen ezaugarriak, historia, bertsolariak, arraunlariak… biltzen dituzten hainbat lan argitaratu ditu, eta 2014an Gerra bat barruan degula liburua plazaratu zuen.
Azken 10 urteotan bertsoak eta ipuinak idatzi ditu, eta gerrari buruz idatzitako lanean kontatutako istorioek sortutako korapiloak askatzeko baliatu du oraingo liburu hau, Denboraren zubia. Liburuak zazpi narrazio labur biltzen ditu.
Honela dio sinopsiak: “Orizarreko herritarrei ia oharkabean iritsi zitzaien gerra. Arrantzale herri hartako gizon-emakumeek ahal zutena egin zuten egoera berrira egokitzeko. Gerra, nolanahi ere, atrezzo hutsa da kontakizunotan, denbora eta espazio bat ematen die Denboraren zubia liburuko zazpi ipuinei eta istorioetako protagonistei”.