Orioko Udalaren ekimenez eta hainbat eragilerekin elkarlanean, Erakundeen arteko arreta eta koordinaziorako tokiko protokoloa, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan osatu du Sortzen Aholkularitza Enpresak. Prozesuan parte hartu duten eragileak gaur goizean elkartu dira Saregile Orioko Emakumeon* Etxean, dokumentua sinatzeko eta protokoloa gizarteratzeko egingo diren saioen berri emateko.
Hauek dira prozesuan parte hartu duten norbanako eta eragileak: Orioko Udaletik, alkatea eta zinegotziak; gizarte zerbitzuetako, kulturako, euskara eta hezkuntzako eta Saregile Orioko Emakumeon* Etxeko teknikariak; Udaltzaingoko eta Ertzaintzako ordezkariak; herriko bi ikastetxeetako ordezkariak; eta Osakidetzako arduradunak.
Protokoloa gizarteratzeko saioak
Protokoloaren edukia ezagutarazteko, hiru saio ireki antolatuko ditu Udalak urtarrilean eta otsailean. Hezkuntzaren eta kirolaren alorretan lan egiten duten norbanakoei zuzendutakoak izango dira urtarrileko biak, eta otsailean, aldiz, herritarrentzako hitzaldi irekia egingo da, Saregile Orioko Emakumeon* Etxean. Saio hauen helburua da protokoloaren edukia herritarrei helaraztea, alde batetik, indarkeria matxista kasuen aurrean jokatzeko oinarriak zein diren jakin dezaten, eta bestetik, egoera horietan inplikatuta egon litezkeen kirolaren eta hezkuntzaren alorreko profesionalek jarraibide zehatzak izan ditzaten.
Hau izango da saioen programa, eta komeni da aldez aurretik izena ematea formulario honen bidez:
- Kirolaren alorreko eragileak: Urtarrilak 17, asteazkena, 18:00etan Saregilen.
- Hezkuntzaren alorreko eragileak: Urtarrilak 31, asteazkena, 18:00etan Saregilen.
- Herritarrentzako saio irekia: Otsailak 13, asteartea, 18:00etan Saregilen.
Hiru saioak euskaraz egingo dira, baina herritarrei zuzendutako otsailaren 13koan, xuxurlari bidezko itzulpena eskainiko da. Beraz, aukera hori erabili nahi duten herritarrek formularioan zehaztu beharko dute, eta Telegram aplikazioa mugikorrean deskargatu.
Protokoloaren oinarria
Txostenaren sarreran zehazten den moduan, protokoloa tresna bat da, arreta-zerbitzu publikoek biktimei harrera eta arreta hobea emateko. Zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea ere badu helburu, emakumeen birbiktimizazioa saihestuz, eta urrats bat gehiago da indarkeria matxistarik gabeko udalerri baten aldeko borrokan, jada egiten diren azaroaren 25eko, martxoaren 8ko eta ekainaren 28ko udal-kanpainekin batera, edo Mugimendu Feministak eta Udalak eraso baten aurrean ematen duten erantzun publikoarekin batera.
Izan ere, azken urteotan, Orioko Udalak berdintasunarekiko eta emakumeenganako indarkeria matxistaren aurkako borrokarekiko konpromisoa erakutsi du. Azken hamarkadan, 2013-2016 eta 2022-2025 aldietarako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. eta II. Planak egin dira, eta gaur egun indarrean dagoen II. Planaren esku-hartzearen ardatzetako bat «emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak» da. Bertan, helburu hauek nabarmentzen dira: indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat egitea, indarkeria matxistaren inguruko prestakuntza jasotzea, Udaltzaingoaren eraikinean emakumeentzako gune bat egokitzea eta udalerriko arriskugarritasun handiko puntuak diagnostikatzea.
Horrez gain, 2019an sortu zen Orioko Ahalduntze Eskola eta, 2023ko irailaz geroztik, Saregile Orioko Emakumeon* Etxea martxan dago. Udalerriko emakumeentzako erreferentziazko lekua da, eta emakumeen ahalduntzea du helburu, indarkeria matxista desagerrarazteko. Saregilen doan eskaintzen diren zerbitzuen artean daude laguntza juridikoa eta psikologikoa, eta nabarmentzekoa da, baita ere, urte osoko programazioa, emakumeen ahalduntzea sustatzeko tailer, ikastaro eta hitzaldiekin.