Irailaren 21era arte, zabalik da Euskaltegian izena emateko epea

 

Orioko euskaltegian 2023-2024 ikasturtean izena emateko epea zabalik da irailaren 21era arte. Urtero bezala, talde txikiak egingo dituzte, ikasleen mailaren arabera.

Hiru bide daude euskaltegian izena emateko:

> Euskaltegira bertara jotzea, Bikamiotako errotondaren ondoan (KTA eraikina).

  • Astelehen eta asteazkenetan, 16:30-19:30.
  • Astearte eta ostegunetan, 10:00-13:30.

> Posta elektronikoz,orio@aek.eus helbidera idatzita.

> Telefonoz deituta, 670 420 025 zenbakira (Amaia Olazabal).

Autoikaskuntza

Euskaltegian aukera izango da talde presentzialetan izena emateko, maila guztietan, baina, baita ere, autoikaskuntzaz baliatzeko.

Autoikaskuntzan lana bakarka egiten du ikasleak, tutore batek gidatuta, etxean edo euskaltegian bertan (astean 4 orduz, gutxienez). Ondoren, astean behingo bilerak egiten ditu tutorearekin, lanak zuzentzeko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko; eta, astean behin mintza-saioa ere egiten du, beste ikasle batzuekin batera.

Autoikaskuntzak ikasketa pertsonalizatzeko aukera ematen du, ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz.

Bestelako eskaintzak

Autoikaskuntzaz gain, euskaltegiak eskaintza zabala izango du:

  • 0 mailako ikastaroak
  • Euskalduntzeko maila guztiak
  • Azterketak prestatzeko ikastaroak (B1, B2, C1 EGA)
  • Alfabetatze ikastaroak
  • EGA prestatzeko ikastaroa, astean bi egunekoa
  • C2 maila prestatzeko ikastaroa
  • Mintzalagun taldeak

Talde presentzialetan astean 8 ordu emango dira: bina ordu astelehenetik ostegunera. Izena ematen duen jendearen arabera antolatuko dira taldeak.

100 euroko matrikula

Orioko Udalaren nahia da oriotarrek moduz ikasi ahal izatea euskara eta, beraz, ikastaroen prezioa oso merkea da Orion erroldatuta daudenentzat: 100 euro, edozein ikastaro.

Udalarekin zorrak dituzten herritarrek ezin izango dituzte ikastaroak prezio horretan egin, eta matrikularen kostu osoa ordaindu beharko dute.

Orioko Udalak eta AEK-k iaz sinatu zuten kontratuaren arabera, Urola Kostako AEK arduratuko da aurten ere Orioko euskaltegiko zerbitzua emateaz.