Irailaren hasieran luizia izan zen Itxaspeko bidean, hondartzatik baserrira doan zatian. Ordutik, oinezkoentzako pasabidea itxita egon da, eta Udalak eremua egonkortzeko lanak adjudikatzeko deialdia egin du. Aste honetan hasi ditu lanak Tesinsa enpresak, eta aurreikuspenen arabera, bi aste beharko ditu bukatzeko.
Datozen egunetan sare metalikoa jarriko dute mendi-magalean, etorkizunean izan daitezkeen luizien aurrean, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Dagoeneko hasita daude sareari eutsiko dieten euskarriak jartzen.
Lanek 33.392,97 euroko aurrekontua dute, eta datorren astean, lanak bukatu bezain laster, Itxaspeko bidea oinezkoei zabalduko zaie.