Datozen egunetan iragarriko du Udalak urtarriletik martxora arteko programa. Baina horren aurretik, Juana lana aurkeztera etorriko da Jon Artano kazetari zestoarra datorren ostegunean. 2022an Tene Mujika beka irabazi zuen Anderik Ande proiektuarekin, eta egitasmo horren baitan, Hego Amerikan egin zuen bidaia. Kolonbian izan zen bi alditan, eta egonaldi haien ondotik osatu du Juana eleberria. Rikardo Uzkudun oriotarra arduratuko da saioa gidatzeaz.
Juana Perea Plata 1937an Bilbotik Bogotara ihesi joandako euskal familia batean jaio zen. Nerabetan etxetik alde egin zuen abentura bila Karibera, eta urpekaria izan zen, marinela, pirata… Ezarritako arauak haustea eta mugak zeharkatzea zuen gustuko, eta
2020ko urriaren 29an hil zuten.
Juana nor zen eta zergatik hil zuten ulertzeko, krimena gertatu zen tokira egin zuen bidaia Artanok 2022an, eta emakumearen eta haren familiaren historia jaso du lanean. Gerra garaiko Bizkaia eta egungo Kolonbiako ingurune basatia zorroztasunez kontatu
ditu, eta lanaren nondik norakoak azaltzera etorriko da egilea, Uzkudun lagun, Oriora. Saioa Salatxo aretoan izango da, 18:30ean hasita.