Jostailuen eta euskarazko liburuen truke-azoka antolatu dute abenduaren 17an Herrio taldeak eta bi ikastetxeek

Herrio natur taldeak abenduan antolatzen duen jostailu erabilien truke-azokak eta Zaragueta Herri Eskolak Euskararen Egunaren bueltan egin ohi duen liburu-azokak bat egingo dute aurten. Orioko Herri Ikastola ere batu zaie proiektura, eta abenduaren 17an, larunbatarekin, jostailuen eta euskarazko liburuen truke-azoka jarriko dute Herriko Plazan.

Herritarrei dei egin diete etxeetan erabiltzen ez dituzten edo behar ez dituzten liburu eta jostailuak eraman ditzaten, erabilera berri bat emateko aukera izango baita azoka. Euskara, elkartrukea eta berrerabilpena sustatzea ditu helburu ekimenak, eta gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea.

Bilketa

Abenduaren 2an egin zuten bilketa Zaraguetan eta Ikastolan, eta ostiral honetan, abenduak 16, Herriko Plazan izango dira 17:00etatik 19:00etara, jendeak eraman nahi dituen liburu eta jostailuak jasotzeko.

Azoka

Azoka abenduaren 17an izango da, larunbatarekin. 10:30etik 14:00etara izango da, Herriko Plazan. Egun horretan eramaten diren jostailuak ere azokan daudenekin trukatzeko aukera izango da.

Bete beharreko baldintzak

Liburuek bete beharreko baldintzak:

– Liburuek euskarazkoak izan behar dute (haur, gazte zein helduen liburuak).

– Egoera onean eta osorik egon behar dute.

– Bildumak, kopurua edozein izanda ere, txartel bakar baten truke aldatuko dira.

Jostailuek bete beharreko baldintzak:

– Jostailuek osorik egon behar dute, egoera onean, norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez da jasoko.

– Azoka egunean, 8 urtetik beherakoek arduradun batekin parte hartu beharko dute.

– Ahal dela, indarkeria sustatzen duten jostailuak edo/eta sexu-bereizketa bultzatzen dutenak ez ekartzeko eskatzen zaie herritarrei.

– Azoka amaitutakoan, inork eraman ez dituen jostailuak eta liburuak irabazi asmorik gabeko erakunde batera bideratuko dira

Truke-sistema

Liburuen kasuan, utzitako liburu bakoitzagatik berde koloreko txartela jasoko du herritarrak, azokan beste liburu batekin trukatzeko.

Jostailuak, ordea, hiru koloreren arabera sailkatuko dira: horia, urdina eta gorria. Gorri eta urdin koloreekin sailkatutako lehen bi jostailuen truke, kolore bereko bina txartel jasoko dituzte herritarrek. Hortik aurrerako jostailuen truke, aldiz, kolore zuriko txartelak jasoko dituzte. Eta hori koloreko jostailuen kasuan, jostailu adina txartel jasoko dira.

Txartelak azokan erabiltzeko orduan, aldaketa bat izango da aurten: kolore gorri, urdin eta horiko txartelak azokak irauten duen denbora guztian aldatu ahal izango dira, hau da, 10:30etik 14:00etara. Txartel zuriak, ordea, 11:30etik aurrera soilik trukatu ahal izango dira. Horrela, jostailuak ekarri dituen jende guztiak gustuko jostailuren bat lortzeko aukera bermatu nahi dute antolatzaileek.