Komunitate energetikoan izena emateko epea zabalik da, apirilaren 17ra arte

Orioko Udalak herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu du, Goienerrekin elkarlanean. Helburua Orioko herritarrei energia berriztagarria eskuratzeko aukera erraztea da, herrian bertan sortutako eguzki-energiaren bidez. Ekimena aurkezteko lehen bilera irekia joan zen ostegunean egin zen, eta bihar, martxoaren 13an, bigarren saioa egingo da 15:00etan, kultur etxean.

Ekimen honen bidez, Orioko 150 etxebizitza eta merkataritza lokal inguruk jasoko dute eguzki-plaken bidez sortutako energia fotovoltaikoa. Xehetasun guztiak hemen daude kontsultagai, eta eskuorria hemen ikusi daiteke.

Izen-ematea, apirilaren 17ra arte

Komunitate energetikoan izena emateko epea gaur zabaldu da, apirilaren 17ra arte. Interesa duten herritarrek, azken elektrizitate faktura, NANaren kopia eta eskaera-orria sinatuta aurkeztu behar dituzte (garrantzitsua da eskaera fakturaren titularrak egitea).

– Prozedura online edo aurrez aurre egin daiteke. Hemen eskaera-orria eta jarraitu beharreko pausuen inguruko informazio zehatza.

Dena den, izen-ematea ez da automatikoki egingo. Jasotako informazioarekin, Goienerrek elektrizitate-fakturan izango duten aurrezpena kalkulatuko du, eta horren berri emango die herritarrei, erabakia hartu dezaten.

Azkenik, aurrera egiten duten herritarren azterketaren emaitzak ikusita, bazkideen behin betiko zerrenda osatuko du Udalak. Beharrezkoa balitz, zozketa bidez egingo da hautaketa. 

Bilera irekia

Ekimenaren inguruko informazioa nahi duten edo galderak dituzten herritarrei zuzenduta, bigarren bilera irekia egingo da bihar, martxoaren 13an, 15:00etan kultur etxean. Udalak bilerara gerturatzeko dei egiten die herritarrei, informazioa zuzenean jaso eta zalantzak argitzeko.