Aurtengo Euskaraldia antolatzeko osatu den lantaldeak larunbat goizean aurkeztu zituen ekimenaren Orioko ordezkari eta enbaxadore izango diren 14 pertsonak. Aurkezpen-ekitaldia Herriko Plazan egin zen, 13:00etan hasita, eta Euskaraldiaren Orioko dinamizatzaile Joxe Mari Unanue gazteak aurkeztu zuen.
Ekitaldian, Joxe Marik azalpenak eman zituen aurtengo Euskaraldiaren berezitasunez eta, ondoren, banan-banan deitu zituen oholtza gainera Orioko Hamalaukoa osatzen duten kideak. 14 kide horiek konpromisoa hartu dute Euskaraldian parte hartzeko, batzuek ahobizi gisa eta beste batzuek belarriprest gisa, eta herritarrak animatuko dituzte izena eman eta aktiboki parte hartzera. Adin, genero eta tankera askotako pertsonak dira eta, horrela, lantaldeak azpimarratu nahi izan du oriotar guztiek dutela tokia Euskaraldian.
Hauek dira Orioko Hamalaukoa osatzen duten lagunak: Hamalaukoaren patroia: Ainhoa Etxenike. Gainerako kideak: Ibon Arrizabalaga, Guillem Morales, Maria Isabel Etxeberria, Jon Lukas, Anais Da Silva, Itziar Irastortza, Idoia Larrañaga, Ibai Azpiroz, Imma Gontan, Jon Alkain, Mehwish Muhammad, Alaitz Garcia eta Malen Mancha.
Ainhoa Etxenikeren mezua
Orioko Hamalaukoaren patroi Ainhoa Etxenike izendatu du Euskaraldiaren lantaldeak eta hark eman zuen ekitaldiaren bukaerako mezua. Ainhoa Etxenike azkaindarra da eta Orioko Arraunketa Elkartean dabil arraunean.
Hau izan zen plazan bildutakoei zuzendu zien mezua:
Egun on denei,
Lehen hitzak bota, eta «Hau ez da hemengoa» pentsatuko duzue hemengo anitzek. Arrazoi duzue, bai: ez naiz giputxa. Baina ez nazazuela frantsesa deitu, ez bestaldekoa, ez iparraldekoa, ez lapurtarra… euskalduna bainaiz, Euskal Herriko euskalduna, zuek bezalakoa.
Berdin du nongoa naizen, berdin du zein euskalki erabiltzen dudan, berdin du hitzak nola ahoskatzen ditudan… Euskalduna naiz.
Alta, eguneroko bizian nire nortasuna borrokatu behar dut. Ipar zein Hego, nire herrian nehon ez omen naiz euskaldun. Araurik eta mugarik ez duen euskaraz eta Euskal Herriaz amesten dut nik. Baina gaur egun, Euskal Herriko 7 probintziak gero eta gehiago zatitzen ari direla iduritzen zait. Bai, Euskal Herriak 7 probintzia baititu, jendeak Iparra usutan galtzeko ohitura badu ere.
Gaur egungo egoera kezkagarriaren parean, euskara eta Euskal Herriaren etorkizuna gure eskuetan da, belaunaldi berri eta ez hain berrien artean. Horregatik, bat egin behar dugu denok.
Euskaraldian parte har dezagun, euskara lau haizeetara hedatu, eta euskarari merezi duen tokia eman. Euskarak eta herriak egin duten ibilbidearengatik, oztopoen gainetik egindako salto bakoitzarengatik, haien alde borrokatu diren eta borrokatzen segitzen dugun guztiengatik…
Euskara oroitzapen bat baizik izan ez dadin… zutitu eta euskaraz mintzatuko naiz.
Mila esker.
