Maiatzaren 17tik ekainaren 28ra, LGTBIQ+ Zikloa antolatuko du Orioko Hezkidetza Mahaiak 

Hezkidetza Mahaiak maiatzetik ekainera antolatu zuen LGTBIQ+ Zikloaren aurkezpeneko irudia.

 

Orioko Udalaren eta Saregile Orioko Emakumeon* Etxearen ekimenez, Hezkidetza Mahaia sortu zen 2023aren bukaeran, herrian parekidetasuna sustatzeko. Haur, nerabe eta gazteengan jarri nahi du fokua mahaiak, herri osoaren inplikazioa bilatzen badu ere, eta herriko dozena erdi eragile biltzen ditu.

Mahaia aurkezteko, agerraldia egin da gaur, maiatzak 15, Saregile Orioko Emakumeon* Etxean, eta bertan izan dira:

Mahaiko kide da, baita ere, Maria Maestra Haurreskola. Eta kide ez den arren, zikloaren antolaketan parte hartu duen Oriyoko Pakak Transmaribibollo taldea ere izan da gaur agerraldian.

«Eragile guztiok norabide berean lan egitea da helburua, pedagogia feministaren lanketa herri osora zabalduz», azaldu du Ainara Munduate Orioko Udaleko zinegotziak. Hain zuzen, lau oinarri nagusi hauen gainean jardun nahi dute: genero femeninoa edo maskulinoa alde batera utzita heztea; pertsonen banakotasunaren garapena sustatzea; sexuen araberako rolak ezabatzea; eta botere-harremanak deuseztatzea: arraza, generoa, sexualitatea, gaitasunak…  

Miriam Garcia Saregileko arduradunetako batek gaineratu duenez, «Lehen erronka LGTBIQ+ gaia lantzea da, ikastetxeetan eta haietatik kanpo, eta horretarako, programazio zabala antolatu dugu Pakak elkartearekin elkarlanean». Maiatzaren 17a LGTBIQ+fobiaren aurkako eguna da, eta ekainaren 28a LGTBIQ+ Komunitatearen Harrotasun Eguna; bi data horiek erreferentziatzat hartuta, hilabetez luzatuko den egitaraua prestatu du Hezkidetza Mahaiak.

Programa

Zikloak bi jarduera-mota izango ditu: herritarrei irekiak direnak, batetik, eta ikastetxeek eta Txurrumuskik haur eta nerabeekin zuzenean egingo dituenak, bestetik. 

Hau da jarduera irekien egitaraua: 

– Maiatzak 17, ostiralarekin: LGTBIQ+ fobiaren kontrako elkarretaratzea, Pakak taldeak antolatuta. 19:00etan Herriko Plazan.

– Maiatzak 23, ostegunarekin: Zinegoak LGTBIQ+ film laburren emanaldia, Saregilek antolatuta. 18:00etan Saregilen.

– Ekainak 4, asteartearekin: Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakaslearen hitzaldi-mintegia: Sexu- eta genero-aniztasuna eta haur-literatura, Haurreskolak antolatuta. 17:30ean Haurreskolan. 

– Ekainak 6, osteguna: Libe Osa sexologoaren tailerra, nerabeen gurasoei zuzenduta: Nerabeen sexualitatearekin zer? 18:30ean, Saregilen.

– Ekainak 28, ostirala: LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunean, San Pedro festei hasiera emango dien txupinazoa eta beste hainbat ekintza, Pakak taldearen eskutik. 20:00etatik aurrera, Herriko Plazan. 

Barne-lanketa

Ikastetxeek eta Txurrumuskik egingo duten barne-lanketari dagokionez, mailen araberako jarduerak egingo dituzte datozen asteetan. Besteak beste, Haur Hezkuntzako ikasleekin sormen-ekintzak antolatuko dituzte ikastetxeek, eta Lehen Hezkuntzan familia-, gorputz- eta sexualitate-eredu desberdinak landuko dituzte, taldeka. Horrez gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin haien gustuko telesailak eta abestiak aztertuko dituzte, eta herritarrei zuzendutako saio irekiaz gain, DBH 3 eta 4 mailetako ikasleentzako zine-emanaldia ere egingo da.  

Txurrumuskik, bestalde, hainbat ekintza eta dinamika egingo ditu elkarteak kudeatzen dituen espazioetan: Ludotekan, Gaztelekuan eta udaleku irekietan. Azken honetan, mural bat margotuko dute haurrekin herrian.

Hezkidetza Mahaiaren helburua da ekimena urtez urte errepikatzea, eta maiatzaren 17tik ekainaren 28ra ez ezik, lanketa urte osora zabaltzea.