Toti Martinez de Lezea, Gorka Hermosa eta Edurne Zabalo interpreteen Mareak emankizuna ostiral honetan, irailak 20, egingo da herrian. Eguraldiaren iragarpena dela-eta, saioa Mutiozabal plazatik kultur etxera lekualdatzea erabaki du Udalak, eta 19:00etan hasiko da.
Sinopsiak honela dio: “Euskal kostaldeko emakumeen oroimena berreskuratzen du, hain ezezagunak eta, aldi berean, hain presente gure herriaren historian zehar. Emazteak, amak, alargunak, ostalariak, esklaboak, kontrabandistak, enpresariak, sendalariak, batelariak, bortxatuak, abenturazaleak… Besteak beste, oso pertsonaia eta egoera desberdinak osatzen dituzte gure iraganerako, gure orainerako bidaia honetan”.
Gorka Hermosa akordeoilariaren eta Edurne Zabalo klarinetistaren doinuek lagunduta, emakumeak protagonista diren istorioak kontatuko ditu Toti Martinez de Lezea idazleak, era kronologikoan eta Euskal Herriko kostaldeko herrietan girotuta.