Mari Domingi eta Olentzeroren etorreraz gozatzeko aukera izango da bihar

Urtero bezala, Basajaun, Basandere, jentilak eta beste hainbat pertsonaia mitologiko izango dira Lerak antolatutako ekitaldian. 

Ekitaldia 17:30ean hasiko da, Arkupe elkarteak Herriko Plazan eskainiko duen txokolate beroarekin, urtero bezala. Jarraian, 17:45ean hasita, galtxagorriak Herriko plaza inguruan ibiliko dira haurren gutunak jasotzen.

18:00etatik aurrera, pixkanaka, Mari bere sorginen laguntzarekin eta gainontzeko pertsonaia mitologikoak (Basajaun, Basandere, jentilak…) plazan elkartzen joango dira, eta han itxarongo dute Mari Domingi eta Olentzero ailegatu arte. Ondoren, denak batera, ibilbide bat egingo dute herrian barrena.

Ekitaldia Lera taldeak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.

Plazara etxeko kriseiluekin azaltzeko deia egin dute antolatzaileek.

Trafikoan eragina

Mari Domingi eta Olentzeroren etorreran, herriko sarbidea erabat itxita egongo da 17:30ean hasi eta ekitaldia bukatu bitartean, 20:00ak aldera. Beraz, ibilgailuek Txankako errepidea erabili beharko dute herrira sartu-irtenak egiteko. Hala ere, trafiko mozketek eragina duten eremuetan, garajeetan sartu-irtenak egin ahal izango dituzte antolatzaileen eta udaltzainen laguntzarekin.