Martxan da eskolan eta ikastolan «Euskara eta kulturartekotasuna sustatzeko programa»

 

Programaren helburua bikoitza da: ikastetxean euskara komunikazio-hizkuntza izaten jarraitzea eta, aldi berean, euskaraz ez dakiten jatorri atzerritarreko herritarren ulermena erraztea eta haien parte-hartzea bultzatzea. Erronka handi bati erantzun nahi diote ikastetxeek: gertatzen ari diren aldaketa demografikoen aurrean, nola indartu euskararen erabilera eta presentzia hezkuntza-komunitatean, betiere euskaraz ez dakiten familiekiko komunikazioa bermatuz eta kulturarteko harremanak eraikiz.

Ikasturtearen hasieran bilerak egin ziren, programa gurasoei azaltzeko eta, geroztik, bi ikastetxeetan hasita daude irizpide berriak aplikatzen gurasoekin egiten dituzten bileretan: bilerak euskaraz egiten dira eta, Telegram aplikazioaren bidez, itzulpena eskaintzen zaio behar duenari. Era horretara, guraso guztiei ematen zaie parte hartzeko aukera; baina bikoiztasunak saihestuta eta euskarari zentraltasuna kendu gabe.

Egitasmoa UEMAk, Udalak eta eskolak jarri dute abian. Abiapuntua hezkuntza-komunitatea da, hasiera batean; baina, gero, herrira zabaldu nahi ditu Udalak egiteko modu berriak.

Diptikoa etxeetara

Eskolako eta ikastolako gurasoek egun hauetan jasoko dute etxean programaren informazioa ematen duen diptikoa, Udalak prestatu duena UEMAren laguntzarekin. Gure hezkuntza-komunitatean gehien erabiltzen diren hizkuntzetan jasoko dute, nork berean: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, arabieraz, urdueraz eta woloferaz. Zerrendan ez daude Orioko hezkuntza-komunitatean erabiltzen diren hizkuntza guztiak; baina bai, nagusiak.

Programaren gakoak

Hauek dira programaren gako nagusiak:

  • Orio euskaraz bizi den herria da, eta horrela jarraitu nahi du. Orioren tankerako herri euskaldunak erabakigarriak dira euskarak iraun dezan.
  • Guraso batzuek ez dakite euskaraz, eta horien parte-hartzea bermatu nahi dute ikastetxeek eta Udalak. Garrantzitsua da beren seme-alaben integraziorako.
  • Euskaraz dakiten eta ez dakiten familien arteko harremanak sendotu nahi ditu programak. Horretarako, garrantzizkoa da espazio batzuk konpartitzea eta konplizitateak bilatzea.
  • Atzerritar jatorriko familia batzuk ere kezkatuta daude beren hizkuntzekin. Hizkuntza horiek ere kontuan hartuko dira.
  • Talde eragilean bi ikastetxeetako irakasleak eta gurasoak gaude. Horrez gain, hainbat eragilek eta Udalak ere parte hartzen dute.
  • Bide berriak probatzea da kontua, ikasteko eta hobetzeko: aldibereko itzulpenak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak…