Martxoaren 1ean zabalduko dute udal-kanpina

 

Udal-kanpina martxoaren 1etik azaroaren 11ra egongo da zabalik aurten eta, kanpinarekin batera, baita Boga-Boga taberna, jatetxea eta supermerkatua ere. Udal-kanpinak iaz jarri zuen martxan erreserbak online egiteko sistema, eta aurten ere halaxe jarraituko du. Irekitzeko egunean bertan zabalduko dute horretarako aukera.

Aurten 37 bezero finkorekin irekiko du denboraldia kanpinak, eta berrikuntza nabarmenik ez badago ere, 2024-2027 aldirako plan estrategikoa aurkeztuko dute datozen asteetan. Horri lotuta, datozen urteetan hobekuntzak egingo dira pixkanaka, bezeroen egonaldia are erosoagoa izateko.

Jone Olaskoaga kanpinaren zuzendariak azaldu duenez, «gure helburua da behin etorritako bezeroak berriz bueltan etortzea, eta horretarako, zerbitzu profesional, txukun eta hurbilekoa ematen jarraituko dugu».