Merkataritza-plana osatzeko, orain arteko datuen kontrastea egingo du Udalak sektorearekin

 

Orioko Udala herriko merkataritza sustatzeko Plangintza Estrategikoa garatzen ari da, Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren bidez. Lehen fasean, Orioko eskaintza eta eskari komertziala eta establezimenduen kokapen espaziala ari da aztertzen Dendartean, diagnostikoa egiteko. Orain, azken hilabeteetan jasotako datuen kontrastea egiteko, lan-saioa antolatu dute azaroaren 16an, ostegunarekin.

Merkatariei eta kontsumitzaileei galderak egiteko baliatu ditu azken hilabeteak Dendarteanek, eta, jasotako datuetan, hainbat gako identifikatu dituzte. Horregatik, merkatariekin, ostalariekin eta zerbitzu-enpresetako arduradunekin lan-saioa egingo du azaroaren 16an, 14:30etik aurrera, kultur etxean.

Hirugarren sektoreko enpresa guztiak gonbidatu dituzte bilerara, eta garrantzitsua izango da eragileek parte hartzea, sektorearentzat funtsezkoak diren alderdiak mahai gainean jartzeko eta merkatarien arteko eztabaida sustatzeko.

Jardunaldia behar bezala antolatzeko, asistentzia aldez aurretik konfirmatu beharko da lotura honen bidez. Zalantzarik izanez gero, Orioko Udaleko Turismo, Merkataritza eta Ostalaritza sailarekin harremanetan jarri: turismoa@orio.eus helbidean edo 639 855 946 telefonoan.