Motondoko lursailak erabilgarri jarriko ditu Udalak, padura lehengoratzeko proiektuaren hurrengo urratsak ahalbidetzeko

Orioko Udaleko udalbatzarrak ezohiko bilkura egin zuen ostegun iluntzean, abenduaren 11n, presazko hainbat gairi lotutako prozesuak abian jartzeko, batetik, eta Guerera Orio elkarteak saharar herriak bizi duen egoera sozioekonomiko larria salatzeko egindako adierazpena onartzeko, bestetik. Saioaren bideoa hemen dago ikusgai.

HAPOaren behin behineko onarpena

Alde batetik, Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin-behineko dokumentuaren osaketa onartu zuen udalbatzarrak. Izan ere, HAPOaren behin-behineko txostena 2024ko abenduan onetsi zuen udalbatzarrak, baina Oriok 7.000 biztanle baino gutxiago dituenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baiespena behar du dokumentua behin betikoa izan dadin.

Onarpen hori jaso bitartean, Orioko Udalak behin behineko txostena helarazi zien HAPOaren garapen prozesuan inplikatutako instituzioei, hala nola, Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiari. Eta haiengandik jasotako ebazpenak positiboak izan badira ere, xehetasun batzuk egokitzeko eskaera egin diote Udalari.

Egokitzapen horiek eginda, HAPOaren behin-behineko dokumentu eguneratua onartu du orain udalbatzarrak, eta Udalak egunotan bidaliko du txostena Aldundira. Honek hiru hilabeteko epea izango du balorazioa egin eta erantzuna emateko.

Motondoko lurren lehengoratzea

Bestetik, Motondoko itxiturako lursailen erabilgarritasuna onetsi zuen ostegunean udalbatzarrak. Eta erabakiaren testuingurua ulertzeko, gaiaren inguruko azalpenak eman zituen Anuska Esnal Orioko alkateak: “Historikoki, Motondoko padura balio ekologiko handiko gunea izan zen, gaur egunean betegarriz estalia ikusten badugu ere. Egungo egoera ulertzeko beharrezkoa da irakurketa istoriko bat egitea, izan ere, 1988ko Kostaldeei buruzko Legea onartzearekin batera, padurak eta marismak jabari publiko gisa aitortu ziren, haien betetzea eta eraldaketa, oro har, debekatuz, eta lehentasun gisa, haien egoera naturalaren kontserbazioa eta leheneratzea ezarriz. 1992an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak egindako azterketa batek lehentasun argia ezarri zuen: eremua padura gisa lehengoratzea”.

Ondorengo urteetan hainbat gorabehera izan zirela kontatu zuen Esnalek, tartean, legez kanpoko isurketak eta erabilera industriala aurreikusten zuten udal plangintza-proposamenak. Isurketek ondorio judizialak izan zituzten, eta eremuan industriagune bat eraikitzeko egitasmoak administrazio ezberdinen aurkako txostenak jaso zituen. “2000ko hamarkadan, ingurumenaren babesa lehenesten zuten irizpideak, planak eta legeak indartzen joan ziren. Baita ekintzaile eta elkarteen aldarriak ere. Hori guztia jakin arren, Orioko Udalak 2 milioi eurotik gorako prezioan eskuratu zuen eremua”, gehitu du.

Azken urteetako saiakerak

Azken urteotan, hainbat saiakera egin dira padura lehengoratzeko proiektua gauzatzeko. 2011-2015 legealdian, esaterako, Orioko Udalak Motondoko balio naturalen inguruko azterketa eta hezegunea berreskuratzeko exekuzio-proiektuak egin zituen, baina azken hau ez zen aurrera eraman, Udalean ez zuelako nahikoa babes izan. 

2021ean berriz, EH Bildu alderdiak Espainiako Gobernuarengandik 3 miliioi euroko diru-partida lortu zuen, eta horren bidez, eremua lehengoratzeko lanak esleitzeko lizitazio-deialdia egin zuen bi alditan; arrazoi ezberdinak tarteko, bi kasuetan hutsik geratu zen deialdia. 

Egoera ikusita, Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiak proiektua enpresa publiko baten bidez egitea erabaki zuen. Egindako lehen zundaketek erakutsi dute lurzoruak kutsadura duela, eta azterketa zehatzagoak behar direla egitasmoa definitzeko. Horregatik, Zuzendaritza Nagusiak Udalari eskatu dio lursailak erabilgarri jartzeko, bertan beharrezko ikerketa, lan eta prozedura martxan jartzeko eta emaitzen arabera, lehengoratze-proiektuaren diseinua gauzatzeko.

Lanak eta sarbide mugatua

Udalbatzarrak emandako onarpenaren bidez, Zuzendaritza Nagusiak datozen asteetan abiatuko ditu lurren egoera modu zehatzagoan baloratzeko aukera emango duten zundaketa lanak. Eremuaren egoera ikusita eta hau zaintzeko asmoz, ibilgailuentzako sarbidea mugatu egingo da, eta baimenduentzako bakarrik egongo da erabilgarri.

Eskertza

Udalbatzarraren amaieran, gainera, hainbat herritarrek hartu zuten hitza, eremua lehengoratzeak duen garrantzia azpimarratzeko, eta urrats onen aurrean udalbatzarrak erakutsitako batasuna dela-eta, poza adierazteko. Esnalek, bere aldetik, Motondok izan duen ibilbidea ezagutzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen, gaiaren nondik norakoak ulertzeko, eta eskerrak eman zizkien urte hauetan guztietan eremua berreskuratzeko lan egin duten herritar eta eragileei.