Ganibet, Zinez, Marte Lasarte, Bad Sound System eta beste hainbat musika talderen emanaldiak izango dira sanikolasetan

Ostiralean, azaroak 28, banatuko da etxez etxe sanikolasetako festa-programa eta, aurrerapen modura, girotzen joateko, festetako kontzertuen berri eman du Udalak. Ohi bezala, sanikolasetako festa-batzordearen bileretan adostu dira oholtzara igoko diren artisten izenak, eta gustu desberdinak asebeteko dituen kartela osatzeko ahalegina egin da.

Txupinazoaren egunean, abenduaren 5ean, ostirala, etxafuegoa lehertu aurretik eta ondoren, Ondoezik elektrotxaranga ibiliko da kalez kale, Herriko Plazaren inguruan. Eta jarraian, Laprast Erromeria taldearen emanaldia izango da plazan, afaldu aurretik eta ondoren, eta Dj Xantarekin itxiko da gaua.

Larunbatean, San Nikolas egunean, Punttu Kakotx elektrotxarangaren txanda izango da. 20:00etatik aurrera, Herriko Plaza inguruan ibiliko dira, eta gaueko kontzertuen tartean, lau talde eta musika-jartzaile ariko dira eszenatokian: 

  • Elektronika eta autotunea uztartzen dituzten Ekain Alegrek eta Amaiur Goikoetxeak osatutako Ganibet bikotea.
  • Hyperpop doinuetatik abiatutako musika egiten duen Aimar Zuriarrain Aimarzz Zumarragako musikaria.
  • Funka, hip-hopa eta R&B doinuak protagonista dituen Jimena Bandeira Dj maKeda musika-jartzailea.
  • Bilboko Kafe Antzokiko musika jartzaile egonkorra den Dj Denz artista.

Igandean, herriko txarangak girotuko du bazkaria eta ondorengo jaia, kalez kale. Eta gauean, beste bost talde edo musikari igoko dira Herriko Plazako oholtzara, 22:00etan hasita: 

  • Rocka oinarri duen arren, musika estilo ezberdinak lantzen dituen Iruñerriko Zinez taldea.
  • Hainbat taldetan aritu diren Borja Anton, Pello Armendariz, Lore Nekane Billelabeitia eta Alex Alonso musikagileen elkarketatik sortu den Marte Lasarte laukotea.
  • Orion aski ezaguna den Bad Sound System reggae talde mitikoa.
  • Eta Dj Troti eta Dj La Fulana musika-jartzaileak.

Abenduaren 8an, astelehenarekin, azkenik, Muxutruk erromeriak itxiko ditu jaiak, 19:30etik aurrera.