Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoaren hurrengo urratsak aurkeztu dituzte Orion

Urola Kostako ezaugarri nabarmenetako bat euskara da, eta haren balioa azpimarratu dute gaur Orioko Kanpinean egin den Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoaren aurkezpenean. Euskara eta turismoa uztartzen dituen egitasmo berritzaile honen hurrengo urratsak azaldu dituzte Ion Arozena Eizagirre Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak eta Jone Olaskoaga Balerdi Orioko Kanpineko zuzendariak.

Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa 2020an sortu zen, Urola Kostako herrietan turismoaren inguruko errelato eta ekintzetan euskararen balioa txertatzeko. Hasieratik, bisitariei ez ezik, bertako eragileei ere euskarak ematen duen balio erantsia ikusaraztea izan du helburu. Aurten, gainera, egitasmoak ikuspegi integralagoa hartuko du: kanpotik datozenei euskararen garrantzia azpimarratzeaz gain, eskualdeko establezimenduetan ere hizkuntzaren erabilera sustatuko da.

Helburu horrekin, datozen hilabeteetan eskualdeko 400 establezimendu inguru bisitatuko dituzte, tartean dendak, tabernak eta bestelako zerbitzuak. Bisita horietan egitasmoaren berri eman ez ezik, establezimendu bakoitzean euskarak duen presentzia ere aztertuko dute, eta hizkuntza paisaia indartzeko dauden baliabide eta laguntzen berri emango zaie. Era berean, establezimenduen beharrak entzun eta etorkizuneko lanketa bideratzeko balioko dute bisitek.

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, euskara erabiltzeak balio erantsia ematen dio tokiko eskaintzari, eta bisitariek gero eta gehiago bilatzen dituzte benetako esperientziak, tokiko hizkuntza eta kulturarekin lotuta. Zentzu horretan, Orio Kanpina adibide gisa jarri dute, herriaren izaera eta hizkuntza naturaltasunez partekatzen dituen espazioa delako.

Bestalde, kanpainaren irudi berritua ere aurkeztu dute. Diseinu berriak itxura freskoagoa eta koloretsuagoa du, pertsonak jartzen ditu erdigunean eta eguneroko euskarazko esamolde errazak txertatzen ditu, hala nola kaixo, ongi etorri eta eskerrik asko. Helburua argia da: bisitariak euskarara eta bertako kulturara hurbiltzea, eta aldi berean bertakoei ere euskara erabiltzen jarraitzeko gonbita egitea.