Euskadiko saharar ordezkaritzak eta Euskal Fondoak Oporrak Bakean programa antolatzen dute eta, programa horri esker, urteak dira 8 urteko haur sahararrak udako hiletan Euskal Herrira etortzen direla. Aurtengo programari begira, haur horiek etxean hartuko dituzten harrera-familien bila ari dira, eta deialdia zabaldu dute.
Programak onura ugari eskaintzen dizkie bertan parte hartzen duten Saharako haur eta familiei. Besteak beste, haur sahararrek aukera izaten dute udan basamortuko baldintza gogorretatik aldentzeko, elikadura orekatua izateko, osasun-azterketak egiteko eta kultura eta hizkuntza berriak ezagutzeko. Euskal familientzat, berriz, Mendebaldeko Sahararen eta herri sahararraren egoera ezagutzeko baliagarria da esperientzia eta, gaztetxoen bidez, lehen harremana izaten dute hango hizkuntzarekin eta kulturarekin.
Programaren sustatzaileek azaldu dutenez, erronka 300 haur saharar Euskal Herrira ekartzea da. Izan ere, pandemiagatik bi urtez programa geldirik eduki ondoren, kopuruak ez dira iritsi izurrite aurreko mailetara: 153 ekarri zituzten duela bi urte eta 183 iaz.
Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duen Darahli elkarteak eskualdeko familiak animatu nahi ditu programan parte hartzera. «Hamaika arrazoi daude abentura honetara batzeko! Hala nola, familiako kide berri batekin uda ahaztezina igarotzea; elkartasunean, aniztasunean eta kulturartekotasunean oinarritutako esperientziak bizitzeko aukera; saharar herriaren egoera eta auzia zuzen-zuzenean ezagutzea, eta abar», azpimarratu dute.
Informazioa
Harrera-familia izateko interesa duten edo programaren inguruko informazio nahi duten familiak Darahli elkartearekin jar daitezke harremanetan darahlizumaia@gmail.com helbidera idatzita edota 605 70 14 63 telefono-zenbakira deituta, apirilaren 15a baino lehen. Informazio osagarria, hemen.