Orio eta Zarautz arteko tren-zerbitzua berrezarriko da urriaren 2an

Euskal Trenbide Sareak Aia-Orio eta San Pelaio tren-geltokien arteko tren-zerbitzua berrezarriko du ostegunean, urriaren 2an. Zudugaraiko tunela indartzeko lanak aurreikusi baino azkarrago egin dira, eta zerbitzua bi egun lehenago berrezarriko da. 

Zudugaraiko tunela Bilbo-Donostia linean dago, Aiako udalerrian. 740 metro luze da, eta trenbide bakarra du. Irailaren 15ean hasi zituzten tunela indartzeko lanak, eta tarte bat buloiekin eta hormigoiarekin sendotu dute. Aurrekontua milioi bat eurokoa izan da.

Lanen amaiera aurreatu denez, Euskotrenek zerbitzu bereziak eskaini ahal izango ditu datorren igandean, urriak 5, Elgoibarren ospatuko den Kilometroak jaiari lotuta.