Orio Kanpinean eguzki plaka fotovoltaikoak instalatu ditu Udalak

 

Autokontsumo partekaturako RA 40kw-ko instalakuntza fotovoltaikoa jartzen ari da Udala Orio Kanpinean, eta lanak datorren astean bukatuko dituzte. Instalazioak 49.440KWh energia ekoitziko du urtean, eta horren bidez, Udal Kanpina, Zaragueta eskola eta hondartzako kabinak hornituko dira.

Instalakuntzaren bidez ekoitzitako energia partekatuko dute hiru espazioek, izan ere, Udal Kanpina itxita egoten da azarotik martxora, hain zuzen, Zaragueta eskolaren kontsumo altueneko hiletan. Hala, urte guztiko ekoizpena behar bezala aprobetxatu ahal izango da. 

Aurretik ura berotzeko eguzki plaka termikoak instalatu zituen Udalak kanpinean, eta bigarren instalakuntza honekin, urrats garrantzitsua egin da jasangarritasun energetikoaren alorrean.

Instalakuntzak 51.000 euroko kostua izan du eta Leycolan enpresak burutu ditu lanak, Nafakoop Energiaren zuzendaritzapean. Inbertsioa Udaleko energia planaren baitan kokatzen da, eta datozen hiletan eta urteetan jarraipena izango du.