Orioko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Naturklima Fundazioaren eskutik, hondartza inguruko duna eremuan aterpe klimatikoa sortzeko lanak egin zituen iaz. Eta atzo, otsailaren 10ean, eremuaren irekiera irudikatu zuten bi erakundeek. Aurkezpenean izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatu eta Naturklimako presidente José Ignacio Asensio eta Orioko alkate Anuska Esnal, besteak beste.
Gipuzkoako babesleku klimatikoen sarearen helburua da lurralde osoa klima-aldaketara egokitzeko espazio berdeen sarea sortzea. Gaur egun, sareak hainbat udalerri hartzen ditu, hala nola, Donostia, Azkoitia, Legazpi, Arrasate, Irun, Legorreta, Hernani eta Idiazabal, eta aurrerantzean, Orio ere sare horren parte izango da.
400 zuhaixka, bi hektarea
Esku-hartzeak 14.278 euroko inbertsioa izan du, eta Naturklimaren Borondatezko Karbono Funtsaren bidez finantzatu da. Guztira, bi hektareako eremua berreskuratu da, eta bertako 400 zuhaixka landatu dira, hala nola, arteak, ereinotzak eta gurbitzak.
Egindako lanei esker, eremu horren landarediaren estaldura handitu da, itzal eremu berriak sortu dira eta biodibertsitatea indartu da. Ez hori bakarrik: klima aldaketaren aurkako borrokan, airearen kalitatea hobetzeko eta karbono dioxidoa murrizten laguntzeko baliabide eraginkorra da aterpea, eta herritarrei aisialdirako gune atsegin bat eskaintzen die.
Asensioren hitzetan, “Babesleku klimatiko berri bakoitzarekin gure udalerrien erresilientzia indartzen dugu, ingurune naturala babesten dugu eta ekintza klimatikoa zuzenean herritarren egunerokotasunera eramaten dugu, bereziki kolektibo kalteberenetara”. Esnalek, bere aldetik, urratsa garrantzitsutzat definitu du duna-eremuan egindakoa, eta poza azaldu du orain arte erabilera mugatua zuen eremua biziberritu delako eta herritarren eskura jarri delako.
