Soinuaren magia izenburupean, Orioko elizako organoa ezagutzeko bisita didaktikoa egingo da azaroaren 18an, larunbatarekin. Xabier Lizaso Loidi piano-jotzaile oriotarrak gidatuko du bisita, eta doako saioa izango da, 11:30ean hasita. Aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da turismo-bulegoan (943 835 565 telefonoa).
2013an egin ziren Orioko elizako organoa berritzeko lanak. Aurreko organoetatik 853 hodi mantendu zituzten eta 1.152 berri jarri. Guztira 2.005 hodi dituen organoa erabilera didaktikoa izateko ere pentsatuta dago, barrutik bisitatzeko eta funtzionamendua ikusteko aukera ematen baitu; organo gutxi daude aukera hori dutenak.
Gainera, organoan idatzita dagoen guztia euskara hutsean dago, eta formari dagokionez, Orioko izaera gordetzen du organoak: baporeen puenteak olatuen forma du, eta hodiek arraunlarien pala goratuen itxura dute, estropada irabazten dutenean bezala.
Hamar urte beteko dira organoa zaharberritu zenetik eta Lizasoren saio didaktikoarekin efemeridea gogoratu nahi izan da. Bideo honetan ikusi daiteke organo berria jarri zuteneko muntaketa-prozesua, Maialen Sarasuak horretarako propio egindako bideoan.