Urtero bezala, Sanikolasetako omendua aukeratzeko deialdia zabaldu zen urrian, eta herritarrengandik jasotako proposamenak aztertu zituzten Orioko Udalak eta jai-batzordeak elkarlanean. Aurten, Orioko Erraldoiak konpartsa omenduko da festetan, eta abenduaren 5eko festen irekierako txupina botako dute konpartsako kideek.
Orioko Erraldoiak konpartsa herriko kultur-ondarearen transmisioan ari da etengabe, eta urtez urte, indartzen eta egonkortzen joan da taldea. Herriko haur eta gaztetxoek bereziki maite dituzte Pello eta Nikolasa pertsonaiak, eta herritik kanpo ere, inguruko herrietara irteerak egin dituzte azken aldian. Honenbestez, azken urteetan egindako lanagatik eta haurrean artean sortzen duten ilusioagatik, San Nikolas egunean egingo zaie omenaldia.
Programa osoa, ostegunean
San Nikolas festetako programa festa-batzordearen eta Orioko Udalaren arteko elkarlanetik sortu da, beste behin, eta adin guztietako herritarrek gozatzeko moduko eskaintza osatu da. Iaz bezala aurten ere, euskarri berezi bat prestatu du Udalak UKTren laguntzaz: San Nikolas festetako gehigarria.
Ostegunean banatuko da etxez etxe, baina horren aurretik, hainbat jarduera aurreratu nahi ditu Udalak:
- Herrian errotuta dauden eta herriko eragileek antolatzen dituzten ekintza ugari mantenduko dira: Pello eta Nikolasarekin kalejirak, Kamel Ziani krosa, Dantzari Txikien Txapelketa, Imanol Ibarguren pilota memorialeko finalak, bertso-saioa kiroldegian, 3×3 saskibaloi festa, talo jana…
- Horrez gain, herri bazkaria izango da larunbatean, kiroldegian. Dagoeneko saldu dira txartel guztiak.
- Gauean, erromeriak, Dj-ak eta rock kontzertuak izango dira: besteak beste, ostegunean, Bide Batez taldearen kontzertua; ostiralean, rock taldeen emanaldiak; larunbatean, Gozategi taldeak girotuko du Herriko Plaza; eta azken egunean, Goxua’n salsa taldearen emanaldia izango da arratsaldean.
Xehetasun guztien berri, esan bezala, ostegunetik aurrera UKTren festetako gehiagarrian.