Orioko Gizarte Zerbitzuak, herritarrengandik gertuago 

 

Aste honetan, Orioko Gizarte Zerbitzuen berri ematen duen eskuorria banatu du Udalak etxez etxe, bost hizkuntzatan. Udalak esfortzu berezia egin du azken urteetan zerbitzuok herritarren eskura jartzeko eta haien inguruko informazioa helarazteko, eta horri esker, eragileen eta zerbitzuen arteko elkarlana nabarmen indartu da. Gizarte Zerbitzuek jasandako eraldaketaren berri emango dugu jarraian, datu esanguratsuenak azpimarratuta.

Azken urteetan, herritarrek karitatezko ekintza gisa ulertu dute herriko Gizarte Zerbitzuen eskaintza, eta hauek ez dira herrian txertatuta egon. Errealitate hori agerian utzi zuen 2015-2019 agintaldian egindako pobreziaren diagnosiak: Gizarte Zerbitzuetatik tramitatzen diren Gizarte Larrialdietako laguntzak ez ziren ia erabiltzen. Ondorioz, egoeraren lanketa egin zuen Udalak eta lau urteko epean, dirulaguntza horren erabilera ia laukoiztu egin da: 2019an 30 erabiltzaile izatetik 2022an 110 izatera pasatu da.

Horrez gain, hainbat herritar laguntza jaso ezinik geratzen ziren, baldintzak betetzen ez zituztelako, eta Udalak laguntza propio bat arautu du pertsona horiengana iritsi ahal izateko.

Berdintasuna

Horrez gain, agintaldiaren hasieran egindako Orioko Emakumeen Diagnostikoak Orio herri matxista dela ondorioztatu zuen. Errealitate horri erantzuna emateko sortu zen Ahalduntze Eskola, eta horren ondotik etorri dira emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostikoak eta II. berdintasun-plana. Datozen urratsak Indarkeria Matxistaren Kontrako Protokoloa eta Orioko Emakumeon* Etxea izango dira, emandako pauso horien guztien balioa agerian uzten dutenak.

Zaintza

Covid19aren izurriak, bestalde, herriko zaintza-sarearen garrantzia bistaratu zuen. Egoera zaurgarrian zeuden herritarrei jarraipen-deiak egin zitzaizkien Udaletik, eta oro har, oriotarrek erakutsitako jarrerarekin eta emandako erantzunarekin oso eskertuta dago Udala, Gizarte Zerbitzuak indartzeko ere balio izan baitzuen.

Haur eta nerabeak

Herriko haur eta nerabeei eskaini beharreko arreta ere erronka garrantzitsua izan da Udaleko Gizarte Zerbitzuentzat. Arrisku maila baxua ala ertaina duten adin txikikoen kasuak Udaletik kudeatzen dira, baina haiek artatzeko zailtasunak zeuden agintaldiaren hasieran. Ondorioz, zerbitzu berri bat jarri da martxan, haurrak ala nerabeak dituzten familiei informazioa, aholkularitza eta orientazioa emateko. 

Horrez gain, Gizarte eta Hezkuntza alorreko esku-hartze zerbitzua ere eskaintzen zaie orain familiei, baina baita laguntza hori jaso nahi duen herritar guztiei ere. 

Adinekoak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak

Adinekoez eta mendekotasun egoeran dauden herritarrez arduratzen diren zaintzaileak ere jomugan izan ditu Udalak. Haientzako tailer-ziklo bat antolatu zen iaz, eta aurten, autozainketa eta ongizate emozionala lantzeko tailer irekiak egiten ari dira hilean bitan.

Kolektiboari begira, azkenik, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren arautegi berri bat kaleratu du Udalak, eta etorkizuneko zaintza-eredu integratzailea diseinatzeko lehen pausoak eman ditu. 

Bulegoa

Udaleko Gizarte Zerbitzuen ateak zabalik daude haien beharra duten herritarrentzat. Aritzaga kaleko 15. zenbakian dago bulegoa, eta aldez aurretik zita eskatu daiteke 943 83 03 46 (luzapena 6) zenbakian; astelehenetik ostiralera, 09:00etatik-14:30era.