Palestinarrek bizi duten egoera salatzeko eta Israelen genozidioa salatzeko, Orioko herritar talde batek deituta ‘Bakea eta Askatasuna Palestinarentzat’ jaia egingo dute igandean, abenduak 14, Herriko Plazan. 11:00etan hasiko da programa, haurrentzako tailerrekin, eta kontzentrazioa, olerki eta bertsoak, eta janari salmenta izango dira goizean.
Ekimenaren helburua bikoitza izango da: palestinarrekiko elkartasuna adieraztea, batetik, eta Zarautzera iritsi berri diren bi familiarentzako laguntzeko dirua biltzea, bestetik.
Goizeko 11:00etan kometak eta marrazkiak egiteko tailerrak antolatuko dituzte haurrentzat. Jarraian, 12:30ean, kontzentrazioa deitu dute plazan, eta segidan, 13:00etatik aurrera, dantzak, olerkiak eta bertsoak izango dira nagusi. Amaitzeko, 13:30etatik aurrera, kuskusa eta pastak jarriko dira salgai, tearekin hartzeko.
