Orioko Udalak eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak prentsaurrekoa egin dute gaur azken lau urteetan elkarlanean garatu duten ekimen berritzailea aurkezteko: Mutiozabal Txoren ontziola proiektu pedagogikoa. Orioko itsas ondarea berreskuratzetik eta mantentzetik harago, haren ezagutza eta transmisioa bermatu nahi dituen egitasmoa da, Euskal Herriko haur eta gazteei zuzenduta. Mutiozabal Txoren ontziolan bertan egindako agerraldian izan dira Anuska Esnal Orioko alkatea, Xabier Agote Albaola Itsas Kultur Faktoriaren presidentea, Eider Arruti Mutiozabal Txoren ontziolaren arduraduna, Adrian Garcia Orioko turismo-teknikaria, Lourdes Salsamendi EAJko zinegotzia eta Olatz Santamaria EH Bilduko zinegotzia.
Orioko Udala 2019an jarri zen harremanetan Albaolarekin. Gipuzkoan zutik dagoen erriberako ontziola bakarra da Mutiozabal, eta eraberritze-lanen ondoren, tokiko ondarea zabaltzeko proiektu bat lantzeko eskaera egin zion Albaolari. Elkarlan horren fruitua da Mutiozabal Txoren ontziola, aurrekaririk gabeko proiektu pedagogikoa: «Haurren ontziola guztiz berezia da gure gizartean, beste inon ez dagoena», nabarmendu du Esnalek. «Nortasun propioa duen itsas ondarea balioan jartzeko proiektu honek mugarri bat ezarri du euskal kostaldean, itsas ondarearekiko dugun ikuspegia aldatzen baitu: iraganetik jaso dugun eta gorde behar dugun elementu hilaren ordez, gu geu eta herria bera eraikitzeko baliagarria den tresna dela erakusten digu».
Agotek, bere aldetik, Mutiozabal ontziolaren eta bertan gordetako planoen berezitasunean jarri du fokua: «Ezagutzen dudan ontzi zibilen plano-bildumarik handiena da Mutiozabalen aurkitutakoa. Haiek jarraituz eraiki genuen Ameriketatik izeneko gure lehen trainerua, Albaolaren ibilbideari hasiera eman ziona», gogoratu du. Ordutik, plano horietan oinarrituta, ontzi gehiago eraikitzen jarraitu dute.
Probaldia
2022ko ekainean egin zuten proba pilotua Mutiozabalen, Orioko bi ikastetxeekin, eta egitasmoaren arrakasta ikusita, irailean jarri zuten martxan Mutiozabal Txoren ontziola. Ikasturte osoan, Zaragueta Herri Eskolako, Orio Herri Ikastolako eta Aginagako Herri Eskolako LH5eko, LH6ko eta DBHko ikasleak jardun ziren ontziolan, 383 ikasle guztira, eta haiekin batera, Albaolako begirale eta arotzak aritu ziren alak eraikitzen. Aurtengo maiatzaren 6an, denen artean eraikitako alaren botadura-ekitaldia egin zuten errioan, eta Iruñeko Donibane Heziketa Zikloko arotzek egindako alarekin batera, bien arteko estropada txiki bat ere jokatu zuten. Arrutiren hitzetan, «Proiektuaren lehen urtea oso aberasgarria izan da guztiontzat, eskaintza egokitzeko eta taldeei neurria hartzeko balio izan baitigu».
Euskal Herriko ikastetxeentzat, zabalik
Aurten, bestalde, Euskal Herriko ikastetxe guztiei zabaldu zaie deialdia. Orioko ikasleei lehentasuna eman zaie eta, eskaintza zabaldu aurretik, herriko ikastetxeekin finkatu dira hitzorduak; ontziolaren agenda bete da azarora arte. Lan-saioetan ala bat eraikitzeko lanak egingo dituzte ikasleek, itsas arotzek lagunduta. Material didaktikoaren laguntzaz, lanketa teoriko bat ere egingo du ikasgela bakoitzak.
«Gaur egun, gizarte erabat teknologiko batean bizi gara. Horregatik, haurrei Mutiozabalen gisako espazio berezi eta bakan batean sartu, lan-tresnak eman eta artisautza-lana erakusteak, giro eta goxotasun berezia sortzen du. Ikasleak transformatu egiten dira eta oso lan-giro berezia sortzen da», zehaztu du Arrutik. Zura, artisautza eta talde-lana uztartzen dituen proiektu honen bidez, taldean aritzearen balioa, zehaztasunez jarduteak duen garrantzia, eskuen trebezia, gaitasun espaziala, eta eraikuntzari eta arkitekturari lotutako lehen ezagutzak eskuratzen dituzte gazteek. «Haurren egunerokotasunean aukera gutxi izaten da abilezia horiek lantzeko, eta gainera, modu ezin hobea da itsas ondarearekin eta historiarekin zaletzen hasteko», gaineratu du.
Txo pertsonaia
Proiektuaren irudia da Txo pertsonaia. Pirritx, Porrotx eta Marimototxek sortutako eta Albaolari eskainitako pertsonaia da Txo, Mik Mak txikia, Ternuatik Euskal Herrira balea baten gainean etorri zena, bere aitona Roke ontzigilea bisitatzeko. Euskal Herriko gaztetxoek ondo ezagutzen duten pertsonaia da, itsasoarekin eta euskal ontzigintzarekin harreman zuzena duena, eta horregatik bihurtu da proiektuaren ikur.
Mutiozabal Festa
Proiektuaren urrats berri honekin bat eginez eta egitasmoa bera ontziolatik herri osora zabaltzeko, Orioko Udalak eta Albaolak hiru eguneko Mutiozabal Festa antolatu dute urriaren 6tik 8ra. Eusko Jaurlaritzaren landa eta itsasertz eremuak dinamizatzeko laguntzak jaso du ekitaldi honek. Jaiak hiru espazio izango ditu: Mutiozabal Txoren ontziola, Herriko Plaza eta errioa. Eta haur, gazte eta helduei zuzendutako jarduerak eskainiko dira doan.
Mutiozabal Txoren ontziolak ateak irekiko ditu hiru egunetan, eta saio dinamizatuak eskainiko ditu, arotzen lana zuzenean ikusteko. Herriko Plazan, bestetik, Albaolak eraikitako 6 ontzi izango dira ikusgai ostiraletik igandera, eta panel informatzaileak ere jarriko dira. Erakusketa jarraitzeko aukera dinamiko bat ere egongo da.
Hauek izango dira Herriko Plazan ikusgai jarriko diren ontzi tradizionalak:
- Zabarre lantxa: 9,40 metro
- Ameriketatik trainerua: 11,40 metro
- Arditurri potina: 7,40 metro
- Mesker batela: 5,32 metro
- Gastibelza batel handia: 6,90 metro
- Basanoaga batel handia: 6,90 metro
15 metroko patatxa, aldiz, errioan egongo da lotuta, eta, hura probatzeko, 20/30 minutuko saioak eskainiko dira larunbat eta igande goizean. Patatxa probatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea turismo-bulegoan.
Bisita gidatua Txo eta Porrotxekin
Urriaren 8an, igandearekin, haur eta gaztetxoek ontziola ezagutzeko aukera izango dute Txo eta Porrotxekin. Herriko Plazan abiatuko da saioa, alkatearen aurkezpenarekin, eta han erakusgai dauden ontzien azalpen laburrak emango ditu Txok. Jarraian, ontziolara abiatuko da taldea, bitan banatuta: batzuk oinez joango dira zubitik, Josu Txapartegi Txapas soinujoleak lagunduta, eta bigarren taldeak alan zeharkatuko du errioa, arraunean. Mutiozabalen, ontziolaren jarduna ezagutuko dute, eta baita hainbat eskulan egin ere. Bukatzeko, Herriko Plazara bueltatuko dira, 12:30ak aldera.
Mutiozabal Festaren programa
Urriak 6, ostirala
- 18:00-18:45 Mahai-ingurua Xabier Alberdi historialari eta adituarekin, eta Xabier Agote Albaolako presidentearekin, Mutiozabal Txoren ontziolan.
- 18:45 Ontziolatik Herriko Plazara bidea, txarangak lagunduta.
- 19:00-20:00 Mutiozabal Festaren hasiera-ekitaldia, Herriko Plazan.
Urriak 7, larunbata
- 11:00-14:00 eta 16:00-20:00 Mutiozabal Txoren ontziola bisitatzeko aukera eta ontzien erakusketa Herriko Plazan, saio dinamizatuekin.
- 11:00-12:30 Juanita Larando patatxan nabigatzeko aukera, Herriko Plazatik abiatuta (aldez aurretik izena eman behar da turismo-bulegoan).
- 18:00-20:00 Sagar-jotzea Jo ala Jo kultur taldearen eskutik, eta ondoren, sagardo-dastaketa eta pintxoak, Herriko Plazan.
Urriak 8, igandea
- 11:00-12:30 Ezagutu Mutiozabal Txo ontziola Txo eta Porrotxekin, Herriko Plazatik abiatuta.
- 11:00-14:00 Mutiozabal Txoren ontziola bisitatzeko aukera eta ontzien erakusketa Herriko Plazan, saio dinamizatuekin.
- 11:00-12:30 Juanita Larando patatxan nabigatzeko aukera, Herriko Plazatik abiatuta (aldez aurretik izena eman behar da turismo-bulegoan).