Orioko itsas ondareari buruzko dokumentala aurkeztuko du Udalak irailaren 27an

Oria ibaiko arroan burdingintza eta ontzigintzari lotutako jarduera izugarria garatu zen Erdi Aroan. Historialariek Rhin edo Tamesis ibaiek izandakoaren pare jartzen dute. Haatik, desberdintasunak handiak dira: Rotterdam hirian eta inguruetan bi milioi pasatxo pertsona bizi dira; Londresen zortzi milioi inguru. Oriok 6.000 biztanle pasatxo. Nolatan lortu zen herri txiki baten bueltan horrelako jarduera ekonomiko esanguratsua garatzea? Zeintzuk izan ziren hori posible egin zuten gakoak? Zer altxor ezkutatzen ditu Oria ibaiak? 

Galdera horiek erantzungo ditu Errio dokumentalak, Oria ibaiko itsas ondarea biltzen duen ikus-entzunezkoak. Orioko Udalak finantzatu du lana, eta Ibon Gaztañazpik zuzendutako lantaldeak ekoitzi du. Irailaren 27an, ostiralean, aurkeztuko du Udalak dokumentala, 22:00etan. Sarrera librea izango da, eta herritarrak eta herriko eragileak gonbidatuko ditu Udalak aurkezpenera. Aurrerago emango da lekuari eta izen-emateari buruzko informazio gehiago. 

Testuingurua

Historia aurrean hasi ziren lehen gizakiak errio inguruko zonaldeak okupatzen. Horren erakusgarri da Altxerriko leitzea, animalien irudi zaharrenetarikoak topatu diren Europako kobazuloa. Orografia aprobetxatuta, burdinola ugari sortu ziren Oriako adarretan, eta merkataritzak bultzatu zuen Orioren hiri sorrera. Balea arrantzak eta ontzigintzak ogibidea eman zien oriotar askori. Askotan ezkutuan geratu ohi da prozesu historikoetan emakumeak jokatutako rola, eta alderdi hori ere azaleratzen du lanak. 

Itsas ondareak erabat zizelkatu zuen Orio, eta herriaren gaur egungo nortasuna eta ezaugarriak ulertzeko ezinbestekoa da. Baina ez bakarrik herriarena. Lurraldeko egitura instituzionalak finkatzeko garaian giltzarriak izan ziren sektore industrial horretan buru-belarri aritu ziren eragileak. 

Lantaldea

Nagore Urdapilleta da protagonista, Oria ibaian gora abiatuko den arraunlaria. Errioak gordetzen dituen altxorrak deskubritzen joango da bidaian, pertsonaia desberdinen bitartez. 

Xabier Alberdi historian doktoreak eta Itsas Museoko zuzendariak zaindu du lanaren zorroztasun historikoa. Xabier Etxeberriak idatzi du gidoia, eta Beñat Gerekak egin ditu errealizazio lanak. Animazioa, aldiz, Kote Camachok egin du, eta musika Paula Olazek.