Orio herri kirolaria da, eta herrian dagoen kirol-eskaintza zabala eta askotarikoa da. Eskaintza hori hainbat modutan antolatzen da: alde batetik, Udalak jarduerak eskaintzen ditu zuzenean kiroldegiaren bidez; bestetik, Orioko kirol-elkarteen bidez, beste hainbat kirol praktikatzeko aukera dute herritarrek.
Udalak elkarteen eskura jartzen ditu herriko instalazioak, behar bezala hornituta, eta jarduna garatzeko dirulaguntzak ere ematen dizkie. Horri esker, herritarrek kirol-eskaintza zabalaz gozatzeko aukera dute.
Baina eskaintza handitzen joan den heinean, elkarteen eta erabiltzaileen arteko desorekak areagotu egin dira, eta Udalari gero eta zailagoa egiten zaio sistema osoari eustea. Egindako azterketa eta diagnostikoen ondoren, Udalak ekintza-plan bat jarri du martxan, helburu hauekin:
- Herriko kirol-diagnosia egitea (bukatuta)
- Kirol-elkarteekin banakako hitzarmenak eta araudiak ezartzea (bukatuta)
- Kiroldegiko instalazio eta baliabideak hobetzea (lanean, baina neurri handi batean aurreratuta)
- Elkarteen arteko oreka sustatzeko neurriak hartzea (lanean)
- Instalazioak elkarbanatzen dituzten eragileen arteko koordinazio-mahaiak aktibatzea (lanean)
- Kirol-eskaintzak sortzen dituen gastua modu orekatuagoan bideratzeko lehen urratsak ematea (lanean).
Testuinguru horren aurrean, herrian kirola egiteko bi txartel mota ezarriko dira.
Orioko Kirol Txartelak
Aurrerantzean, Orioko kirol-eskaintzaz gozatu ahal izateko derrigorrezkoa izango da Kirol Txartel baten jabe izatea, honek emango baitu instalazioetarako sarbidea. Bi txartel egiteko aukera izango da:
- Txartel osoa
Orioko kirol-eskaintzaz ahalik eta modurik zabalenean gozatu nahi duten herritarrentzako aukera. Izan ere, abonatu izateak malgutasuna, aukera zabala eta abantaila ekonomiko nabarmenak eskaintzen ditu.
Kiroldegiko abonatu direnek aukera izango dute:
- Kiroldegiko instalazio guztiak modu librean erabiltzeko.
- Igerilekua urte osoan erabiltzeko.
- Beste udal-instalazio batzuk erabiltzeko, betiere, instalazio horiek kudeatzen dituen kirol-elkarteko kide badira.
Adibidez: kiroldegiko abonatua den eta futbolean aritzen den herritarrak, ez ditu futbol-zelaiaren eta bertako gimnasioaren erabilera aparte ordaindu beharko, betiere, Orioko Futbol Taldeko edo Sofbol taldeko bazkidea bada.
Gainera, abonatuek honako abantailak izango dituzte:
- Kiroldegia erabiltzeko aukera zabala, goizeko 07:30etik gaueko 21:00etara.
- Xpress-saioetan parte hartzeko aukera.
- Kiroldegiak eskaintzen dituen jarduera guztietan abonatuen prezio murriztuak.
- Abonatuentzat bakarrik antolatzen diren jarduera eta eskaintzetan parte hartzeko aukera.
- Kirol-elkarteen bidezko eskaintzetan parte hartzeko aukera, kostu gehigarririk gabe edo baldintza hobeetan.
Txartel osoak, beraz, instalazioen erabilera libreagoa, eskaintza zabalagoa eta prezio lehiakorragoak eskaintzen ditu.
- Txartel mugatua
Txartel mugatua kirol-elkarteetako kide diren herritarrentzat pentsatua dago. Txartel honen bidez, erabiltzaileek aukera izango dute:
- Kide diren kirol-elkarteen bidez, dagokien instalazioa erabiltzeko.
- Kiroldegia erabiltzeko, elkartearen egutegi eta ordutegi zehatzen barruan eta indarrean dagoen arautegiak ezarritako baldintzetan.
Adibidea: kiroldegiko abonatua ez den baina futbol-zelaiko instalazioak erabiltzen dituen herritarrak Kirol Txartel mugatua izan beharko du.
Sarbidearen kontrola eta identifikazioa
Udal kirol-instalazioetara sartzeko, indarrean dagoen Kirol Txartel baten jabe izatea derrigorrezkoa izango da. Horretarako, Udalak eskumuturreko identifikatzaileak emango ditu, txartel motaren arabera:
- Txartel mota bakoitzak kolore desberdina izango du (txartel osoa / txartel mugatua).
- Eskumuturrekoa pertsonala eta besterenezina izango da.
- Instalazioetara sartzean eskumuturrekoa ikusgai eraman beharko da.
Eskumuturrekoa lehen aldiz doan emango da. Baina galdu, hondatu edo behar ez bezala erabiltzen bada, ordezkapenagatik dagokion tarifa ordaindu beharko da.
Tarifak
Kirol Txartel mugatua
| Kirol Txartela | Adina | Matrikula (€) | Urteko abonua (€) |
| Heldua | 22–64 urte | 0 € | 120,00 € |
| Gaztea | 14–21 urte | 0 € | 60,00 € |
| Haurra | 8–13 urte | 0 € | 36,00 € |
| 65 urtetik gorakoak | 65+ | 0 € | 84,00 € |
Kirol Txartel osoa (Kiroldegiko abonamendua)
| Kirol Txartela | Adina | Matrikula (€) | Hileko abonua (€) |
| Heldua | 22–64 urte | 46,45 € | 25,55 € |
| Gaztea | 14–21 urte | 34,75 € | 20,30 € |
| Haurra eta 65 urtetik gorakoak | 4–13 urte / 65+ | 23,20 € | 12,75 € |
| Gaztea, gurasoetako bat abonatua | 14–21 urte | 23,20 € | 11,50 € |
| Gaztea, bi gurasoak abonatuak | 14–21 urte | 11,60 € | 6,40 € |
| Haurra, gurasoetako bat abonatua | 4–13 urte | 11,60 € | 7,65 € |
| Haurra, bi gurasoak abonatuak | 4–13 urte | Doan | Doan |
Izen-ematea
Izen-ematea kirol-instalazioak erabiltzen dituzten baina abonamendurik ez dutenek egin beharko dute. Beraz, jada kiroldegiko abonatu direnei ez die eragiten.
Kirol Txartel Osoa egin nahi dutenentzat deialdi berezia egingo da urtarrilaren 15etik 31ra, eta ez da matrikularik ordaindu beharko, trantsizioa errazteko.
Kirol Txartel Mugatua egiteko epea berbera da, eta kirol-elkarteetako kide diren guztiek egin behar dute.
Edozein kasutan, Txartela kiroldegiko harreran egin behar da, eta eskatzaile bakoitzak bere beharretara egokitzen den modalitatea aukeratu behar du.
