Orioko Udalak urte hasieran abiatu zuen kulturaren plan estrategikoa modu parte-hartzailean diseinatzeko bidea (Guk Oriori atarian, Kultur sarea erronkaren baitan kokatzen da egitasmoa). Orain, prozesua borobiltzeko eta emaitza eragileekin eta herritarrekin partekatzeko, aurkezpen-ekitaldia egingo da urriaren 25ean, ostiralarekin. 19:00etan izango da hitzordua, zimitorio zaharrean.
Plan estrategikoa Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean landu da, eta Udala pozik dago prozesuak izandako parte-hartzearekin, egin diren lan saioak oso emankorrak izan baitira. Guztira 64 herritarrek parte hartu dute parte-hartze prozesuan, eta herriko 23 talde, elkarte eta eragilek.
Egindako lanketa horren guztiaren emaitza aurkeztuko da, beraz, ostiralean honetan. Herriko sortzaile batzuekin elkarlanean antolatu du aurkezpen ekitaldia Udalak, eta herritar guztiei zuzendua dago.
Bukatutakoan, luntxa eskainiko zaie bertaratutako guztiei, elkarrekin egon eta lasai hitz egiteko aukera izateko.