Orioko Udalak, Elhuyarrekin elkarlanean eta herriko eragileen laguntzarekin, landu duen Orioko Kulturaren Egoeraren Plan Estrategikoa (OKEPE) jendaurrean aurkeztu zuen joan zen ostiralean, urriak 25. Saioa zimitorio zaharrean egin zen, eta 70etik gora lagun bildu zituen hitzorduak. Orain, Udalak herritarren eskura jarri du plan estrategikoa hemen eta Guk Oriori atarian, Kultur-sarea erronkaren baitako OKEPEren atalean.
Ostiraleko aurkezpen ekitaldian zehar, Anuska Esnal alkateak, Xabi Ibarguren kultura zinegotziak eta Leire Lizarralde Elhuyarreko teknikariak hartu zuten hitza, eta jarraian, zuzeneko elkarrizketak egin zizkien Iñigo Gaiton kultura teknikariak herrigintzan eta kulturgintzan dabiltzan oriotarrei: Marian Lazkano, Manex Barrentxea, Elena Errasti, Elene Tamayo, Eneko Dorronsoro eta Sorkunde Lizaso.
Herriko sortzaileek ere tokia izan zuten ekitaldian, eta giroa goxatu zuten. Besteak beste, Ane Blazquezek organoan jotako pieza batekin hasi zen ekitaldia, eta hitzartzeen artean, Eneritz eta Leire Illarramendik abesti bat kantatu zuten gitarraren laguntzaz, Aitor Herranzek poesia bat errezitatu zuen Iñaki Gurrutxagak gitarrarekin lagunduta eta, bukatzeko, Gurrutxagak berak bertso sorta bat kantatu zuen.
Modu horretan, urtarrilean abiatutako lanketa prozesua borobildu zen.
Plan Estrategikoa, online irakurgai
OKEPE sortzeko prozesuan 64 herritarrek hartu dute parte, norbanako gisa zein elkarteren bat ordezkatuz. Udalaren eta Elhuyarren ikuspegitik, prozesua parte-hartzailea izan da oso, eta egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin pozik daude biak.
Dokumentua bera irakurgai dago hemen eta Guk Oriori atariko Kultur-sarea erronkaren orrialdean.