Ostiral arratsaldean hilketa matxista izan zen Barakaldon, eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak elkarretaratzeak deitu ditu, salatzeko. Orioko Mugimendu Feministak ere elkarretaratzea egingo du gaur, urtarrilak 7, 19:00etan Herriko Plazan, eta Orioko Udalak bat egin du deialdiarekin.
Orioko Udalak sendo gaitzesten du hilketa, eta elkartasuna adierazten die biktimaren gertukoei. 2024an bi hilketa matxista izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan eta, GUKAk azaroaren 25ean kaleratutako erreportaje honetan zehaztutakoaren arabera, eskualdean gora egin zuten indarkeria kasuek iaz. Orion, guztira, hamasei emakume artatu zituzten Gizarte Zerbitzuek, eta horien kargu zeuden 22 seme-alaba.
Indarkeria matxistak ez du tokirik izan behar gure herrietan eta Udalak lanean jarraituko du izugarrikeria horien kontrako borrokan.