Iaz bezala aurten ere, hondartza-denboraldia luzatzeko erabakia hartu du Udalak. Gipuzkoako kostaldeko herrietan bezala, ekainaren 15etik irailaren 15era egunero egongo da sorospen-zerbitzua, baina horrez gain, ekaineko lehen bi asteburuetan (ekainaren 1-2 eta 8-9) eta iraileko azken bietan (irailak 21-22 eta 28-29) ere eskainiko da zerbitzua.
Udako denboraldiari begira, gainera, beste bi egokitzapen egingo ditu aurten Udalak:
- Hondartza inguruko aparkalekuetan topeak jarri dira, 5 metro baino luzeagoak diren ibilgailuek (autokarabanak) aparkatzeko aukerarik izan ez dezaten. Neurri honen bidez espaloietako pasabidea bermatuko da, gainera.
- Hondartzaren iparraldeko dutxak hegoalderako jarriko dira, itsasgora dagoenean urak ez ditzan harrapatu. Azken urteetan hainbatetan gertatu da, eta aldaketa honekin dutxak uneoro erabilgarri egon daitezen lortuko da.
Kabinak
Antillako kabinek ere sorospen zerbitzuaren egutegia izango dute; ekainaren 15etik irailaren 15era egunero, eta baita ekaineko eta iraileko gainerako asteburuetan ere. 11:00etatik 20:00etarako ordutegia izango dute, eta komunak eta dutxa hotzak doakoak izango dira.
Aulkiak, surf-taulak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko aukera ere izango da, eta prezioak hauek izango dira:
- Aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak: Eguna, 0,6 euro; astea, 2,50 euro; hilabetea, 7,50 euro; eta denboraldi osoa, 20 euro.
- Etzaulkiak eta surf-taulak: Eguna, 1 euro; astea, 5 euro; hilabetea, 13,50 euro; eta denboraldia, 35 euro.