Orioko Udalak bilera informatiboa deitu zuen apirilaren 3an, Kosta Zuzendaritzak Oribarzarko hondartza berreskuratzeko aurkeztutako proiektua herritarrei azaltzeko eta iritziak jasotzeko. Proiektuari alegazioak aurkezteko epea luzatzea eskatu zuen Udalak, funtsezkoa iruditzen zitzaiolako herritarren ahotsa jasotzea alegazioak egin aurretik. Orain, apirilaren 3ko bileran adostutako hiru eskaerak helarazi dizkio Kosta Zuzendaritzari.
Oribarzarko hondartza berreskuratzeko, Acadar ingeniaritza-enpresa arduratu da proiektua idazteaz. Hondartzaren azterketa egin du lehenik, eta azaltzen du bere garaian aterpetxearen atzeko alderaino iristen zela hondartza eta han duna naturalak ere bazirela. Txurruka aterpetxea eta haren aurreko errepide-zatia ez daukate kontzesiorik gaur egun eta haiek eraistea proposatzen du proiektuak, inguru guztia hondartza bihurtzeko.
Proiektua
Acadar enpresak egindako proiektuak hau proposatzen du:
- Autobide azpia pasatuta, biribilgune bat egitea, buelta emateko, eta aparkatzeko gunerik ez izatea hondartzan. Ondorioz, kofradia berrira joateko, Zarauzko kanpinetik datorren errepidea erabili beharko litzateke. Beheko aldean, Zarauztik datorren bideari segida emanez, norabide bakarreko errepide-zati bat eraikiko litzateke.
- Horrez gain, bi dike eraikiko lirateke ibaian. Bata iparraldean, 18 metro luze eta 4 zabal, eta bestea hegoaldean, 60 metro luze eta 4 zabal. Dike horien bidez bermatu nahi dute hondartzak ez duela hondarrik galduko.
Alegazioak
Udala herriko eragileekin bildu zen lehenik, proiektuaren berri emateko, eta haietako batzuek alegazioak aurkeztu dizkiote proiektuari. Ondoren, apirilaren 3an egindako bileran, herritarren iritziak eta kezkak jaso zituen Udalak eta, horiek bilduz, hiru alegazio nagusi aurkeztu ditu:
- Kofradia berrira Oriotik joateko errepidea berreskuratuko den hondartzaren atzetik pasatzea, Zarauztik barrena ez ibili behar izateko.
- Bi dikeak ez eraikitzea.
- Hondartzako gunean aparkalekurik egongo ez denez, aukera aztertzea autopista azpian oinezkoen pasabidea egiteko, Udalak landuta daukan proiektuaren arabera.
Udalak adierazi du badaudela arrazoiak proiektuak proposatzen dituen bi dikeak ez eraikitzeko:
- Orion dauden aurrekariak kontuan hartuta, bi dike berri eraikitzeak kezka sortzen du herrian eta Udalean.
- Hondartza berreskuratzeko lana ahalik eta modurik naturalean egiten dela ziurtatu behar da.
- Bi dike horiek ibaiaren nabigagarritasunean izan ditzaketen eraginak aztertu behar dira.
Gainera, errioan tamaina horretako esku-hartzea egin aurretik, Udalak ezinbesteko ikusten du lehendik egin diren esku-hartzeen ondorioak neurtzea, eta itsasadarra bere osotasunean aztertzea.
Udalak egindako hiru alegazioez gain, Euskadiko Angulero Elkartearen eta Oribarzar inguruko bizilagunen eskaerak ere gehitu ditu Udalak Kosta Zuzendaritzari bidali dion alegazio-idatzian.