Gaur urriak 15, Haurdunaldiko, Jaiotza-inguruko eta Jaioberritako Doluaren Nazioarteko Eguna da, eta Orioko Udalak bat egiten du egun honen aldarrikapenarekin. Egoera hau bizi duen herritar baten eskariz eta bizi izan duten guztiekin bat eginez, elkartasuna adierazteko eta ikusgarritasuna sustatzeko helburuz, bandera jarri da udaletxean.
Haurdunaldian, erditzean edo jaio eta gutxira haur bat galtzea esperientzia mingarria da familientzat, eta, askotan, isiltasunean eta behar besteko aitortzarik gabe bizi izaten den dolua da. Horregatik, egun honen helburua da errealitate hori ikusaraztea, dolua bizi duten familiei aitortza eta babesa adieraztea eta gizartean gaiaren inguruko kontzientziazioa sustatzea.
Orioko Udalak elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie egoera hori bizi izan duten edo bizitzen ari diren herritar eta familia guztiei, eta konpromisoa hartzen du datozen hilabeteetan gaia lantzeko eta datorren ikasturteari begira sentsibilizazio-ekimenak aztertzeko.
