Urtearen amaierarekin batera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) batzar nagusia egin zuen asteburuan Etxarri Aranatzen (Nafarroa), eta Orioko Udaleko ordezkariek ere parte hartu zuten bilkuran. Saioan 2025eko balantzea aztertu zuten, eta 2026rako egitasmo nagusiak eta plangintza onartu.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi zuenez, orain arteko hizkuntza politikak berea eman du, eta aldatzeko garaia dela erakusten dute datu eta zantzu guztiek. Haren hitzetan, «kalean, herritarrek eta euskaltzaleek hauspotuko dute pizkunde berria», eta erakunde publikoei «horri behar bezala erantzutea» dagokie.
Horri lotuta, UEMAk bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak hilaren 27an Bilbon egingo duen Euskaraz bizitzeko pizkundea ekitaldiarekin, eta udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek ekitaldira bertaratzeko deia egin dute.
Ekitaldian Euskal Herri osoko eta belaunaldi ezberdinetako bederatzi musikarik hartuko dute parte, zinemaren alorreko hainbat profesionalen eta bertsolarien laguntzarekin. Ekitaldiaren zuzendari artistikoa Oier Guillan antzerkigilea da, eta sarrerak eskuragai daude 10 euroan pizkundea.eus atarian.
