Orioko Udalak hobekuntzak egin ditu kale-garbiketa zerbitzuan

 

Iazko udaberrian kaleratu zuen Udalak kale-garbiketa zerbitzua berritzeko plegua, eta 2024an sartu dira indarrean aldaketak. Aurreko kontratua 2016koa zen, eta harekin alderatuta, 200.000 euroan handitu du partida Udalak. Zortzi urtean izan den prezioen igoerari ez ezik, makinaria berria erosteko eta langileen baldintzak hobetzeko egindako inbertsioei erantzuten die igoerak.

Kale-garbiketa zerbitzua hobetzea izan du helburu Udalak lehiaketa berriaren bidez. Horretarako, zerbitzua ematen duen enpresaren arduradunekin eta langileekin bildu zen iaz, eta beharrak identifikatu zituzten elkarrekin.

Alde batetik, makinaria berritu eta tresna berri hauek erosi dira: bi garbiketa-makina, bi gurpil elektriko, porter hibrido hidrogarbitzaile bat, beste garbiketa-tresna bat, espaloietako belarrak kentzeko erraminta berezi bat, espaloietako garbiketa hobetzeko kupula bikoitz bat eta beste hainbat tresna txiki: haize-makinak, sasi-garbitzeko makinak…

Bestetik, garbitzaile bat gehiago kontratatu da urte osorako, eta langile guztiak lanaldi osora pasatu dira. Uda-denboraldian, gainera, langile bat gehiago izango da, eta errefortzu aldia hiru hilabetetik seira pasatu da: Aste Santutik urrira bitarte. Horrekin batera, hobekuntzak egin dira eguneroko lanaren antolaketan, eta horri esker, herria bere osotasunean garbitzen da egunero.

Oro har, beraz, zerbitzu hauek indartu dira:

  • Hostoen jasoketa, espaloietako belarren garbiketa eta lirdingaren aurkako tratamendua maizago egiten dira orain.
  • Espaloiak urezko kupula baten bidez garbitzen dira.
  • Altzari urbanoen garbiketa indartu egin da, eta baita atarien eta elementu berezien garbiketa ere.

Herritarren elkarlana

Langileei galdetuta, gustura daude aldaketekin, eta eskaintzen duten zerbitzua hobea dela azpimarratu dute: «Lehengo lan bera dugu, baina baliabideak hobeak dira orain eta erosoago gabiltza». Gainera, herritarren elkarlana sustatu nahi dute, nork bere txikian, Orioko kaleak garbi mantentzen lagundu baitezake.

Hauek dira oriotarrei egiten dizkieten eskaera nagusiak:

  • Hondakinak ondo bereizi eta bakoitza dagokion ontzian bota.
  • Zakurren gorotzak jaso eta errefusaren ontzian bota.
  • Ez bota etxeko zaborra kaleko zaborrontzietan, edukiontzi handietan baizik, bakoitza dagokion ontzian.
  • Une jakinetan sortzen zaizkigun tamaina txikiko hondakinak (mukizapiak, tabako paketeak, janari eta edarien ontziak…) ez bota lurrera, metro gutxira zaborrontzi bat izango da-eta.