Herriko eskoletan ugaritu egin dira, azken urteotan, euskararen bidez integratzeko zailtasunak dituzten ikasleak: kanpotik etorri berri direlako, etxean eta kalean oso inguru erdalduna dutelako… Horien hizkuntza-integrazioa errazteko, errefortzu-eskolak antolatu izan ditu Orioko Udalak urteetan. Nolanahi ere, denborak aurrera egin ahala, Udalak eta ikastetxeek ikusi dute errefortzu-eskolek ez diotela erantzun bete-betea ematen gaur egungo erronkei, eta planteamendu globalago baten beharra dagoela, herriko ikasleen premiei behar bezala erantzuteko. Testuinguru horretan sortu da TXALUPAN programa.
Planteamendu globalago honek barne hartzen ditu, ez bakarrik euskara-eskolak, baizik-eta, baita ere, herriko aisialdi- eta kirol-eskaintza eta bestelako eskolaz kanpoko jarduerak. Herrian antolatzen diren jarduera horiek ez dira iristen ikasle batzuengana, gurasoek horien berri ez daukatelako, edo beren seme-alabentzako modukoak ez direla uste dutelako, edo, besterik gabe, ordaindu ezin dituztelako… Eta, horrela, herriko haurren arteko arrakala sortzen da eskolaz kanpoko jardueretan. Arazo horri ere erantzun nahi dio Udalak TXALUPAN programaren bidez.
Programaren aurkezpena egin dute gaur Orioko hezkuntza-alorreko eragileek, Salatxo ondoko plazan. Agerraldian hitza hartu dute Ainara Munduate zinegotziak eta Jabier Zabaleta euskara-teknikariak, Udalaren izenean, eta han izan dira, baita ere, Anuska Esnal alkatea, Jon Basurko zinegotzia, Julen Idarreta kirol-teknikaria, Ane Esnal Gizarte Zerbitzuetako teknikaria eta herriko hezkuntza-alorreko eragile hauek: Zaragueta Herri Eskola, Orioko Herri Ikastola, Danbolin musika-eskola eta Txurrumuski aisialdi-taldea.
Txalupan programaren ibilibidea
Urtebete baino gehiago da Orioko Udalak eta herriko hezkuntza-eragileak hasi zirela TXALUPAN programa lantzen, elkarlanean, baina orain erabaki da jendaurrean aurkeztea, programak erabat forma hartu duenean. Bilera askoren fruitu da gaur aurkeztutako programa eta adostasun handia lortu du lanketan parte hartu dutenen artean: Udaleko zenbait departamentu, Zaragueta eskola, Herri Ikastola, Txurrumuski aisialdi-elkartea, Danbolin musika-eskola, kirol-elkarteak…
Udalak uste du, programa honen bidez, Orioko herria aurrerapauso handia ematen ari dela herritarren kohesioa hobetzeko. Hori irudikatu nahi du programaren izenak berak ere: «Herritar guztiak txalupa berean nahi ditugu, herriko bizitzan eta gure jardueretan elkarrekin parte hartuz, berdintasunean, eta horretarako tresna da programa hau».
Programaren onuradunak
Programaren onuradunak hizkuntza-integraziorako zailtasunak dituzten Orioko ikasleak izango dira: HHtik hasi eta DBH4ra bitartekoak. Ikasle horiei aukera eskainiko zaie herriko eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko 2024-25 ikasturtean eta 2025eko udan, eta Udalak ordainduko ditu jarduera horien kostuak.
TXALUPAN programan parte hartzeko, interesatuek herriko bi ikastetxeen bidez aurkeztu behar dute eskaera, 2024ko uztailaren 5a baino lehen.