Errioa, gure nortasuna hitzaldi-sortaren bigarren saioa martxoaren 30ean egin zuten Arraunetxen. Iosu Etxezarraga Historian doktoreak XVI. mendeko gizarte-egitura izan zuen aztergai, Oriotarrak Pizkunde garaian: XVI. mendeko euskal kostaldeko gizartearen ikuspegi bat izenburupean. Garaiko testuingurua azaltzeaz gain, arreta berezia jarri zuen genero-rolen inguruan.
Etxezarragaren hitzetan, ohiko erreflexua izaten da aspaldiko pasarteak egungo ikuspegitik epaitzea. Horregatik, oso garrantzitsua da orduko pentsamoldea ezagutzea, testuinguruak azaltzen baitu askotan gertaera askoren zergatia.
XVI. mendeko gizartea estamentu zurrunetan egituratzen zela zehaztu du, eta klase sozialak janzkeraren eta portaeraren arabera bereizten zituztela. Gainera, ohoreak eta moralak esanahi berezia zuten orduan, eta artxibotan gordetako epaien bidez jakin da liskar asko eragiten zituztela. Horri lotuta, Orioko hainbat kasu aipatu ditu Etxezarragak.
Hitzaldi osoa duzue ikusgai lotura honetan.