Oriotarrek 36 proposamen aurkeztu dituzte herri-aitortza jasotzeko

Udalak, aurten, aitortza eta omena egingo die urtean zehar nabarmendu diren zenbait oriotarri. Abenduaren 28an, larunbatarekin, egingo da ekitaldia Arraunetxen, 19:00etan hasita. Herritarrek hautagaiak aurkeztu dituzte azken asteetan galdetegi anonimo baten bidez eta, epea bukatuta, 36 proposamen jaso ditu Udalak.

Proposamenak jasota, mahai tekniko batek aztertuko ditu egunotan: hautagaiek deialdian ezarritako baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatu, aitortza jasotzeko arrazoiak baloratu… Segidan, astea amaitu aurretik, epaimahaiak hartuko du azken erabakia eta aukeratuko ditu aurten omena jasoko duten oriotarrak (gehienez, bost). Epaimahaia zozketaz aukeratutako herriko lau elkarteren ordezkari banak eta udal-teknikari batek osatuko dute.

Aitortza-ekitaldia

Herri-aitortza egiteko ekitaldia abenduaren 28an egingo da, larunbatarekin. Ekitaldi xume bat izango da eta, bertan, herriko sortzaile batek egindako ikurra jasoko dute omenduek. Saioa irekia izango da, eta interesa duten herritar guztiek izango dute ikus-entzule gisa joateko aukera.