Oskar Alegria zinegilearen Oteiza 14 apostolu filmak Orion ikusiko du argia datorren ostiralean, urtarrilak 30, kultur etxean. Emanaldia DANOK OTEIZA egitasmoa aurkezteko ere baliatuko dute.
Oskar Alegria zinemagileak DANOK OTEIZA egitasmoaren baitan sortu du Oteiza 14 Apostolu filma. DANOK OTEIZA ekimena, hain zuzen, Jorge Oteiza Fundazio Museoak aurkeztu zuen iazko udazkenean, eta artistaren ondare artistiko eta intelektuala zabaltzeko eta haren pentsamenduarekin bat egiten duten pertsonen arteko komunitatea sustatzeko helburua du.
Oteiza 14 apostolu lanean, artearen eta kulturaren arloko 14 pertsonak hartuko dute hitza, Oteizaren ideien inguruko friso kolektibo bat osatzeko. Besteak beste, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga, Richard Deacon, Jaione Apalategi, Kepa Akixo eta Esther Ferrer elkarrizketatu ditu Alegriak.
45 minutuko filma da proiektatuko dena, eta Japonian, Txilen, Londresen, Parisen eta Arantzazun filmatu zen. Oteizaren pentsamendua gaurkotasunetik irakurtzeko proposamen aberatsa eskaintzen du, ahots eta begirada anitzen bidez.
Doako emanaldia
Filma Orion estreinatuko da urtarrilaren 30ean, Oteizaren sorterrian. Emanaldia 19:00etan hasiko da, kultur etxean, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Ikus-entzunezkoaren proiekzioaren ondoren, Alegria sortzailearekin hitz egiteko aukera izango da, gainera.
