Parrilla Festako bazkaritarako txartelak asteazkenean jarriko dira salgai, irailaren 17an

Orioko Parrilla Festa urriaren 3tik 5era ospatuko dugu herrian, eta Orioko Udalak eta festaren antolakuntzan parte hartu duten eragileek programaren berri eman zuten iraila hasieran. Ekitaldi nagusietako bat izango da urriaren 4ko bazkaria, Herriko Plazan, eta bazkaritarako txartelak asteazkenean, irailaren 17an, jarriko dira salgai turismo-bulegoan, 16:00etatik aurrera. 

Herriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bilakatuko da urriaren 4an, eta 200 bat pertsonak izango dute otordua egiteko aukera. Bazkari berezia izango da: lehen platerak, postrea eta edaria egongo dira menuaren barruan, eta horiek herriko tabernek eta gozotegiek jarriko dituzte. Aldiz, arraina erabiltzaile bakoitzak ekarri beharko du, baldintza batekin: Orioko arraindegi batean erositako arraina izan beharko du —erosketa-txartela konprobatuko da—. Eta prestatu ere, talde bakoitzeko ordezkariek prestatu beharko dute, herriko parrilleroen laguntzarekin.

Arraina herrian erosita, hurbileko merkataritza jasangarria sustatuko da, eta horregatik da garrantzitsua erosketa-txartela erakustea. Azken orduko sorpresarik ez izateko, arraindegiekin aldez aurretik hitz egiteko aukera dago, egun horretako arraina eskatzeko.

Txartelak salgai

Bazkarian parte hartu nahi duten herritarrek taldeetan antolatu beharko dute. Talde bakoitzeko ordezkari bat joan beharko da turismo-bulegora txartela lortzera, irailaren 17an, 16:00etatik aurrera.

Ordezkariak zehaztu beharko du zenbat lagunek osatzen duten taldea, eta nortzuk arduratuko diren arraina prestatzeaz, parrilleroen laguntzarekin. Gainera, zenbat arrain pieza ekarriko dituzten adierazi beharko dute, eta harremanetarako telefonoa eman. Pertsona bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu (arraina aparte). Prezio horren barruan dago: tabernek prestatutako lau errazio (entsalada, txanpiñoiak, kroketa eta olagarroa), ura eta sagardoa, eta postrea. Arraina erretzeko beharrezko ikatza, olioa, baratxuriak etab. prezio horren barruan sartzen da. 

Pertsona bakoitzeko hamar pertsonentzako otordua erreserbatu ahalko da. 

Bazkaria hiru txandatan antolatuko da, eta talde bakoitzak zein txandatan bazkaldu nahi duen ere zehaztu beharko du. Aukera paregabea izango da herriko parrilleroen teknikak ezagutzeko eta haien esperientziatik ikasteko.

Eguna bukatzeko, Iratz eta Imanol Urkizuk emanaldia eskainiko dute arratsaldean plazan, 19:00etan. 

Pintxo-poterako itxaron-zerrenda

Urriaren 3an, iluntzean, Herriko Plazan egingo den pintxo-pote gastronomikorako txartelak joan zen asteartean, irailak 9, jarri ziren salgai, eta egunean bertan agortu ziren guztiak. Dena den, txartelik gabe geratu diren herritarrek aukera dute itxaron-zerrendan izena emateko turismo-bulegoan, eta beste txanda bat antolatzeko aukera aztertuko du Udalak.