Pasaia Itsas Festibalaren 3. edizioari ongietorria, Orion

Itsas ondareari balioa emateko antolatutako Pasaia Itsas Festibalaren 3. ekitaldia maiatzaren 9tik 12ra egingo dute Pasaiako portuan, eta jaialdira datozen ontziei Orion egingo zaie ongietorria. Horretarako, hilaren 8an, Euskal Herriko ontzi tradizionalen topaketa bat eta hitzaldi bat antolatu ditu herrian Albaola Itsas Kultur Faktoriak. Bi jarduera horien bidez, Orioko herriak itsas ondarearen alde egindako lana aitortu nahi du Albaolak.

Orioko Udalak, Mutiozabal Txoren Ontziola proiektuaren bidez, itsas ondare tradizionalari balioa eman eta transmititzeko urrats garrantzitsuak egin ditu azken urteetan. Albaola Itsas Kultur Faktoriaren eta Orioko Udalaren arteko elkarlanari esker garatu da egitasmoa, eta, orain, herriko ontzigileek nazioartean izan zuten garrantzia eta egindako ekarpena ikusarazteko, Pasaia Itsas Festibalaren lagin txiki bat etorriko da Oriora datorren astean.

Egitaraua

Horrenbestez, maiatzaren 8an, asteazkenarekin, helduko dira Euskal Herriko ontzi tradizionalak Oriora. 17:00ak aldera izango da, eta tripulazioei ongietorria eman ondoren, hitzaldi bat izango da Mutiozabalen, Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko esperientzia konstruktiboak izenburupean. Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik gidatuko du saioa, eta hauek izango dira parte-hartzaileak:

  • Galiziako Fuertespenedo Arquitectos elkarteko Oscar Fuentes Dopico eta Lago Fernández.
  • Chiloé artxipelagoko Daniel Bravo Silva itsas ingeniari eta nazioarteko bela-nabigatzailea, eta Almonacid aita-seme arotzak.

Biharamunean, maiatzaren 9an, ontziak agurtzeko ekitaldia egingo da 12:00etan, eta Oriotik Pasaiara abiatuko dira guztiak Aita Mari erreskate-ontziaren atzetik. Pasaiako badiara sartu aurretik, neurri eta jatorri ezberdinetako ontziekin elkartuko dira, eta guztiak elkarrekin sartuko dira 18:00etan, jaialdiari hasiera emanez.