Pintxo-pote gastronomikoan parte hartzeko txartelak bihar jarriko dira salgai, irailaren 9an

 

Orioko Udalak eta Parrilla Festa antolatu duten eragileek joan zen astean egin zuten agerraldia, elkarrekin ondu duten jaiaren nondik norakoak azaltzeko. Festaren bizkarrezurra urriaren 3tik 5era garatuko da, eta irekiera ekitaldiaren ostean, pintxo-pote gastronomikoarekin hasiko da festa.

Parrilla Festaren helburua da herriko itsas ondarearen transmisioan eragitea eta herrian errotutako ohiturekin jarraitzea. Horretarako antolatu da, besteak beste, esperientzia gastronomikoa: sasoiko arrainen pintxo-potea. Bost zentzumenak aktibatu, eta parrillan erretako sasoiko arrainaren usainaz, zaporeaz, itxuraz, testuraz eta txinparten hotsaz gozatzeko aukera paregabea izango dute oriotarrek.

Horretarako, herriko erretegietako parrilleroak izango dira plazan. Egun horretan arraindegian hartutako bi arrain mota prestatuko dituzte, eta horietako bakoitzarekin pintxo bat egingo dute. Horrez gain, gilda bat eta txakolina dastatuko dute parte-hartzaileek.

Baina, esan bezala, esperientzia ez da jan-edanean bakarrik oinarrituko. Horren ordez, arrainaren prestaketa prozesua hurbiletik ikusiko dute herritarrek, eta parrilleroen sekretuak ezagutuko dituzte: ikatza nola prestatu, arraina nola zatitu, sutan nola erre, nola prestatu ozpin-olioa… Ikusteko ez ezik, ikasteko ere balioko duen saioa izango da.

Txartelen salmenta

Pintxo-pote gastronomikoan parte hartu nahi duten herritarrek txartela eskuratu beharko dute bihartik aurrera, irailak 9, turismo-bulegoan. Txartelak goizeko 10:00etan jarriko dira salgai, eta 10 euroko prezioa izango dute. Esan bezala, txartel bakoitzak hiru pintxo, gilda bat eta txakolina dastatzeko aukera emango du. Bakoitzak, gehienez, 6 txartel erosteko aukera izango du.

Pintxo-potea bi txandatan banatuko da: lehen txanda 20:00etan izango da, eta bigarrena, 21:00etan. Beraz, txartela erosteko unean, zein txandatan parte hartu nahi duten zehaztu beharko da. Eta bi txandak beteko balira, larunbatean bigarren saio bat antolatzeko aukera aztertuko du Udalak.

Informazio osagarria behar izanez gero, jo turismo-bulegora: Aritzaga kalea, 1 ; 943 835 565 telefono zenbakian edo infoturismoa@orio.eus helbidean.

  • Asteartea: 10:00 – 14:00
  • Asteazkenetik ostiralera: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 20:00
  • Larunbata: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 20:00
  • Igandea: 10:00 – 14:00