Guerara Orio elkarteak urteak daramatza Saharako errefuxiatuei laguntzeko janari- eta material-bilketak egiten. Zailena, ordea, bildutako materiala haraino garraiatzea izaten da. Aste Santuko oporraldia aprobetxatuko du herriko familia batek Saharara bidaia egiteko, eta Guerara elkartearekin eta Udalarekin elkarlanean, diru-bilketa antolatu dute, materiala eramateaz gain, Tindufen bertan familia zaurgarrienentzako elikagaiak eta produktuak erosteko.
Guerara elkartearekin elkarlana
Udalak hitzarmena sinatzen du urtero Guerara Orio elkartearekin eta, horren bidez, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko oinarrizko materialak erosten ditu elkarteak. Askotan, ordea, zaila izaten da bildutako materiala haraino helaraztea eta, horregatik, elkarteak aprobetxatuko du herriko familia horrek egingo duen bidaia materiala eta laguntza eramateko Tindufeko kanpalekura eta behar gehien duten familien artean banatzeko.
Diru-bilketa
Horrez gain, diru-bilketa bat egingo du elkarteak. Tindufen bertan elikagaiak eta oinarrizko produktuak erosteko erabiliko da dirua, pertsona zaurgarrienei laguntzeko.
Diru-bilketa apirilaren 7tik 11ra egingo da, eta Udalak, ekimenarekin bat eginda, dei egiten die herritarrei ekarpena egiteko.
Hau da Guerara Orio elkartearen kontu korrontearen zenbakia: ES46 3035 0182 1518 2004 0041