San Nikolas festen inguruko oharrak

 

Guztia prest da San Nikolas festetarako, agenda osoa hemen dago ikusgai. Txupinazoa botatzeko ordu gutxi gelditzen dira eta Orioko Udalak azken oharrak eman nahi ditu, zirkulazioari buruz, eguraldiagatik egin litezkeen aldaketei buruz eta ordutegiei buruz.

Ibilgailuen zirkulazioa

Herriko Plazaren inguru osoa oinezkoentzako eremu izango da festetan, parte-hartzaileen erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko. Moilako errepidea, beraz, itxita egongo da abenduaren 5eko 18:00etatik aurrera. Egunero, 08:00etatik 11:30era zabalduko da zamalanetarako; baina, gainerakoan, itxita egongo da abenduaren 9ko 8:00ak arte.

Aurten moilako errepidea soilik itxiko da, eta beraz, herriko sarrera-irteerak zabalik mantenduko dira egun horietan. Dena dela, 2,4 metrotik gorako ibilgailuei debekatu egingo zaie Endaia kaletik sartzea, ez direlako N-634 errepidearen zubi azpitik pasatzen. Debekuaren berri ematen duten seinaleak jarriko ditu Udalak Endaia kaleko sarbidean, Errusta tabernaren parean.

Abeslari eta Eusko Gudari kaleen arteko bidegurutzean ere, ibilgailuak ezkerrerantz bideratuko dira, hondartza aldetik irteteko. Eskuineko errepidea, hau da, Kaia kalera doana, itxita egongo da baimendutako ibilgailuentzat izan ezik.

Eguraldiari begira

Eguraldi-iragarpenaren arabera, euria egin dezake festetan, zenbait unetan. Momentuz, larunbat eta iganderako aurreikusten da euri gehien. Gauzak horrela, ekitaldi batzuen ordutegiak, kokapenak eta ibilaldiak aldatu daitezke. Orioko Udalak garaiz komunikatuko ditu aldaketa horiek sare sozialen bitartez.

Zarata eta ordutegiak

Festetan, ohi baino zarata eta musika gehiago izaten da herrian. Hori dela-eta, herritarren arteko elkarbizitza zaintzeko, Udalak egoki ikusi du gai horri buruz hartu dituen neurrien berri ematea.

Barraken eremuan, ostegunean, 17:00etan jarriko da musika; eta beste festa egunetan, 11:00etan. Gauero, 00:00etan isilduko da musika, eta igandean, 22:00etan. Aurten ere Udalak jarriko du musika eremu horretan, bolumena eta ordutegiak kontrolatzeko.

Herriko Plazari dagokionez, oholtzako emanaldiak 02:00etan bukatuko dira, salbuespen batekin: larunbatean 05:00ak arte luzatuko da musika. Txosnetan, berriz, 06:00ak arte izango da musika ostegun, ostiral eta larunbateko gauetan.

San Nikolas festetan, urtean zehar antolatutako beste ekitaldi berezietan bezala, Udalak bi orduz luzatuko du tabernak ixteko ordutegia:

  • 1. taldeko ostalaritzako lokalak 02:30ean itxiko dira.
  • 2. taldeko ostalaritzako lokalak 04:30ean itxiko dira.
  • 3. taldeko ostalaritzako lokalak 06:00etan itxiko dira.

Ordutegia luzatzen den egunetan ere gainerako arauak indarrean daude, eta, horrenbestez, lokala ixten denetik berriro ireki arte 3 ordu igaro beharko dira gutxienez.