Asteartean iragarri bezala, Orioko Udalak eta festa-batzordeak elkarlanean prestatu duten programaren berri jasoko dute gaur oriotarrek etxean. Iaz bezala, San Nikolas festetako gehigarria osatu du Udalak UKTren laguntzaz.
Jai-giroan murgiltzen hasteko eta aurtengo jaien nondik norakoak ezagutzeko aukera ematen du gehigarriak. Elkarrizketak, erreportajeak, iritzi-artikuluak… biltzen ditu, eta antolatzaileek egindako lana bistaratzen du. Aurtengo omenduen berri ere jasotzen du, jakina, eta ekitaldien programa zehatza.
Aurrerapen modura…
Ostegunarekin hasiko dira festak, San Nikolas bezperan, eta, txupinazoaren ostean, Bide Batez taldearen kontzertua izango da Herriko Plazan. Jarraian, DJ Fisher eta DJ Xanta ariko dira txosnetan.
San Nikolas egunean, urteroko ekitaldiak nagusituko dira: Kamel Ziani krosa, Dantzari Txikien Dantza Sueltoko Txapelketa, pilota-jaialdia, gazteentzako jolasak, dardo-lehiaketa eta bertso-saioa, besteak beste. Arratsaldean, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandak lagunduta, festetako ekitaldi nagusia egingo da Herriko Plazan: Orioko Erraldoiei aitortza.
San Nikolas bigarrenean, berriz, haurrentzako herri-kirolak eta pintxo-dastaketa egingo dira goizean, eta herri-bazkaria, kiroldegian. Bazkariaren ostean, Pello eta Nikolasa erraldoiak, buruhandiak, eta Danbolin Musika eta Dantza Eskolako trikitilari eta panderojoleak kalez kale ibiliko dira. 23:00etan hasita, Gozategi taldeak girotuko du gaua.
Igandean, azkenik, 3×3 saskibaloi-festa, Ekain pailazoaren ikuskizuna eta talo-jana izango dira goizean, eta 16:00etan, mus-txapelketa egingo da aurten aurrenekoz Arraunetxen, Orioko muslari-talde batek antolatuta.
Hori guztia eta askoz gehiago, etxez etxe banatu den gehigarrian.
Herriko Plaza, itxita
Moilako errepidea itxita egongo da, segurtasunagatik, abenduaren 5eko 18:00etatik abenduaren 9ko 08:00ak arte. Abenduaren 6an, 7an eta 8an, dena dela, denda eta tabernetako hornitzaileen ibilgailuentzat zabalduko da bidea, 08:00etatik 11:30era.